EBANJELIOA JOANIREN ARABERA

 

1

1 Hastean bazen Hitza.
Hitza Jainkoarekin zen eta Hitza Jainko zen.
2 Hastean Jainkoarekin zen.
3 Jainkoak haren bidez egin ditu gauza guziak, eta egin denetik deus ez da hura gabe egin.
4 Haren baitan zen bizia, eta bizia gizakien argia zen;
5 argi harek ilunpetan argitzen du, bainan ilunpeek ez dute onartu*.
6 Agertu zen gizon bat Jainkoak igorria; Joanes* zuen izena. 7 Lekuko izaitera etorri zen, argiaren lekuko izan zadin, haren mezuaren bidez denek sinets zczaten. 8 Bera ez zen argia, baizik argiaren lekuko izan behar zuena.
9 Hitza zen egiazko argia, mundurat etorriz gizaki guziak argitzen dituena*.
10 Munduan zen eta, mundua* haren bidez egina izanagatik, mundukoek ez dute ezagutu.
11 Beretarat etorri da, bainan bereek ez diote ongi etorri egin.
12 Onartu duten guzieri, ordea, haren baitan sinesten duteneri, Jainkoaren seme-alaba izaiteko ahala eman diote.
13 Hauek* ez dira giza odolekoak, ez eta gizakiaren , borondatez sortuak, Jainkoarenganik sortuak dira.
14 Eta Hitza gizon egin da, eta gure artean bizi izan da*. Ikusi dugu haren Jainko-aintza, maitasun eta egiaz betea den Seme bakar gisa Aitarenganik daukan aintza.
15 Joanesek lekukotasun eman zion, oihu eginez : "Huntaz ari nintzen, erran nuenean : "Nere ondotik datorrena ni baino gehiago da, ni baino lehenagokoa baita"".
16 Alabainan, guziek haren betearen betetik ukan dugu, eta maitasuna maitasunaren gainean*.
17 Jainkoak legea Moisen bidez eman zuen; maitasuna eta egia, berriz, Jesus Mesiasen bidez etorri zaizkigu.
18 Sekula nehork ez du Jainkoa ikusi; Aitaren baitan dagon eta Jainko den Seme bakarrak eman dauku haren berri.

19 Huna Joanesen lekukotasuna, juduek* apez eta lebitar batzu igorri ziozkatenean Jerusalemetik, nor zen galdatzera. 20 Harek argi eta garbi aitortu zuen :
— Ni ez naiz Mesias.
21 — Orduan, zer ? Elias zira ? — galdatu zioten.
Joanesek ihardetsi :
— Ez.
— Etortzekoa den profeta* zira ?
Harek ihardetsi :
— Ez.
22 Berriz galdatu zioten :
— Nor zira, bada ? Igorri gaituzteneri ihardetsi behar diotegu. Zer diozu zeure buruaz ?
23 Joanesek, Isaias profetaren hitzak aipatuz, erran zuen :
— Basamortuan oihuka ari denaren mintzoa naiz* : "Xuxen zazue bidea Jaunari".
24 Delako igorriak farisauak ziren. 25 Hauek galdatu zioten :
— Mesias ez bazira, ez Elias, ez eta etortzekoa den profeta ere, zergatik ari zira, beraz, bataiatzen ?
26 Joanesek ihardetsi zioten :
— Nik urez bataiatzen dut; zuen artean baduzue, ordea, ezagutzen ez duzuen bat, 27 nere ondotik datorrena, eta ni ez naiz on hari oinetako lokarrien laxatzeko ere.
28 Hau guzia Betanian* gertatu zen, Jordan ibaiaren bestaldean, han ari baitzen Joanes bataiatzen.

29 Biharamunean, Joanesek Jesus bereganat etortzen ikusi eta erran zuen : "Huna Jainkoaren Bildotsa, munduko bekatua kentzen duena. 30 Huntaz ari nintzen erran nuenean : "Nere ondotik datorren gizon bat ni baino gehiago da, ni baino lehenagokoa baita". 31 Nik ez nuen ezagutzen; bainan hura Israel herriari agertarazteko etorria naiz urez bataiatzera".
32 Eta beste lekukotasun hau ere eman zuen Joanesek : "Izpiritua ikusi dut, uso-itxuran, zerutik jausten eta haren gainean egoiten. 33 Nik ez nuen ezagutzen, bainan urez bataiatzera igorri nauenak erran daut : "Izpiritua jausten eta gizon baten gainean egoiten ikusiko duzu; hura da Izpiritu Sainduaz bataiatuko duena". 34 Nihaurek ikusi dut, eta lekuko naiz hura dela Jainkoaren Semea".

35 Biharamunean, berriz ere han zagon Joanes bere bi dizipulurekin. 36 Jesus handik iragaiten ikusirik, erran zuen : "Huna Jainkoaren Bildotsa".
37 Bi dizipuluak, hori entzutearekin, Jesusi jarraiki zitzaizkion. 38 Jesusek, gibelerat behatu eta jarraikitzen zitzaizkiola ikusirik, galdatu zioten :
— Zeren bila zabiltzate ?
Heiek ihardetsi :
— Rabbi, non bizi zira ? (Rabbik "Irakasle" erran nahi du).
39 Jesusek erran zioten :
— Zatozte eta ikus.
Joan ziren, non bizi zen ikusi eta harekin egon ziren egun hartan. Arratsaldeko lauak aldea zen.
40 Joanes entzun eta Jesusi jarraiki zitzaizkion bietarik bat Andre zen, Simon Petriren anaia. 41 Lehenik, bere anaia Simon aurkitu eta erran zion : "Mesias aurkitu diagu" (Mesiasek "Kristo" - Gantzutua - erran nahi du).
42 Eta Jesusenganat ereman zuen. Jesusek behatu eta erran zion : "Simon zira, Joanesen semea; Kefas deituko zira" (Kefasek "Petri" - Harri - erran nahi du).
43 Biharamunean, Jesusek Galilearat buruz joaitea erabaki zuen. Filipe aurkitu eta erran zion : "Jarraik neri".
44 Filipe Betsaidakoa zen, Andre eta Petriren herrikoa. 45 Filipek Natanael aurkitu eta erran zion :
— Moisek legearen liburuan eta profetek beren izkirioetan aipatu zuten hura aurkitu diagu : Jesus, Josepen semea, Nazaretekoa.
46 Natanaelek erran zion :
— Deus onik atera ote daiteke Nazaretetik ?
Filipek ihardetsi zion :
— Haugi eta ikusak.
47 Natanael zatorkiola ikusi eta Jesusek erran zuen :
— Huna zinezko israeldar bat, maltzurkeriarik gabea.
48 Natanaelek galdatu zion :
— Nondik ezagutzen nauzu ?
Jesusek ihardetsi :
— Filipek deitu aitzin, pikondoaren pean ikusia zintudan.
49 Natanaelek erran zion :
— Irakasle jauna, Jainkoaren Semea zira, Israelgo erregea zira.
50 Jesusek ihardetsi :
— Pikondoaren pean ikusi zintudala erran dautzutalakotz sinesten duzu ? Handiagorik ere ikusiko duzu !
51 Erran zuen oraino :
— Egiaz-egiaz diozuet : Zerua idekia ikusiko duzue, eta Jainkoaren aingeruak goiti eta beheiti Gizonaren Semearen gainean.

2

1 Hirugarren egunean, ezteiak izan ziren Galileako Kanan, eta Jesusen ama han zen. 2 Jesus eta haren dizipuluak ere gornitatuak ziren ezteietarat. 3 Eta arnoa eskastu baitzen, amak Jesusi erran zion :
— Arnorik ez dute.
4 Jesusek ihardetsi :
— Emaztea, hori ez da gure ikustekoa*. Nere orena* ez da oraino etorria.
5 Jesusen amak erran zioten zerbitzarieri : "Erranen dautzuena egizue".
6 Baziren han harrizko sei uruntzi, juduek beren garbiketen egiteko erabili ohi zituztenak, ehun bat pintakoa bakotxa.
7 Jesusek zerbitzarieri erran zioten :
— Bete untziak urez.
Gaineraino bete zituzten. 8 Orduan, erran zioten :
— Erauts, orai, eta ereman mahaizainari.
Hala egin zuten.
9 Mahaizainak ur arnotua jastatu zuen, nondik zen jakin gabe; zerbitzariek, bai, bazakiten, heiek erautsia baitzuten ura. Mahaizainak jaun ezkonberriari dei egin 10 eta erran zion : "Denek arnorik hoberena emaiten ohi dute lehenik eta, jendea edana delarik, arruntagoa; zuk, aldiz, orai arte atxiki duzu arnorik hoberena".
11 Bere lehen mirakuluzko seinale hau Galileako Kanan egin zuen Jesusek; bere Jainko-aintza hola agertu zuen, eta dizipuluek haren baitan sinetsi zuten. 12 Gero, Kafarnaumerat Joan zen bere ama, anaia eta dizipuluekin, eta han zenbait egun baizik ez ziren egon.

13 Hurbil zen juduen Bazko-besta, eta Jesus Jerusalemerat igan zen. 14 Tenpluan merkatariak aurkitu zituen idi, ardi eta uso saltzen, eta diru-trukalariak ere, han jarririk. 15 Jesusek, sokaz azote bat eginik, tenplutik haizatu zituen denak, beren ardi eta idiekin; trukalarien diruak barreiatu eta mahaiak uzkaili zituen. 16 Uso-saltzaileeri erran zioten : "Ken horiek hemendik. Ez egin nere Aitaren etxea merkatu-etxe".
17 Dizipulueri, Liburu Sainduak diona etorri zitzaioten gogorat : Zure tenpluaren maiteminak erreko nau*.
18 Orduan, galdatu zioten juduek :
— Zer seinale emaiten daukuzu horren egiteko eskua baduzula ?
19 Jesusek ihardetsi :
— Suntsi zazue tenplu hau eta hiru egun barne berriz eraikiko dut.
20 Juduek erran zioten :
— Berrogeita sei urte* behar izan dira tenplu hunen egiteko, eta zuk hiru egun barne berriz eraikiko duzula ?
21 Hura, ordea, bere gorputzaren tenpluaz ari zen. 22, hiletarik piztu zenean, hori erran zuela gogoratu zitzaioten dizipulueri, eta Liburu Saindua, bai eta Jesusek errana sinetsi zuten.

23 Jesus Basko-bestaz Jerusalemen zagola, ainitzek sinetsi zuten haren baitan, egiten zituen mirakuluzko seinaleak ikusirik. 24 Bainan, Jesus bera ez zen heietaz fida, guziak ezagutzen baitzituen, 25 eta ez zuen beharrik nehork nehoren berri eman zezon, berak ongi baitzakien gizakiaren baitan zer dagon.

3

1 Nikodemo deitu gizon bat bazen, farisaua eta judu-aitzindaria. 2 Gauaz Jesusenganat etorri eta erran zion :
— Irakasle jauna, badakigu Jainkoak igorri zaituela irakaspen bat guri emaiteko, nehork ez baitezazke zuk egiten ditutzun mirakuluzko seinaleak egin, Jainkoa berekin ez badu.
3 Jesusek ihardetsi zion :
— Egiaz-egiaz diozut : Jainkoaren erresuma nehork ez dezake ikus, berriz* sortzen ez bada.
4 Nikodemok galdatu zion :
— Nola sor daiteke norbait, zaharra bada ? Sar ote daiteke amaren sabelean, berriz sortzeko ?
5 Jesusek ihardetsi :
— Egiaz-egiaz diozut : Nehor ez daiteke Jainkoaren erresuman sar, uretik eta Izpiritutik sortzen ez bada. 6 Gizakiaganik sortua gizaki da, Izpirituaganik sortua izpiritu. 7 Ez harri berriz sortu behar duzuela erran dautzutalakotz. 8 Haizeak* non-nahitik jotzen du; haren hotsa entzuten duzu, bainan ez dakizu nondik datorren, ez norat doan. Gauza bera gertatzen da Izpirituaganik sortuarekin.
9 Nikodemok galdegin zion :
— Nola izan daiteke hori ?
10 Jesusek ihardetsi :
— Irakasle zira Israelen, eta hori ez dakizu ? 11 Egiaz-egiaz diozut : dakiguna erraiten dugu, eta ikusi dugunaren lekuko gira; bainan zuek ez duzue gure lekukotasuna onartzen. 12 Lurreko gauzez mintzatzean sinesten ez banauzue, nola sinetsiko nauzue zerukoez mintzatzean ?
13 "Nehor ez da zerurat igan, zerutik jautsi dena baizik, Gizonaren Semea*. 14 Eta Moisek basamortuan brontzezko sugea hagan altxatu zuen bezala, Gizonaren Semeak ere altxatua izan behar du, 15 haren baitan sinesten duten guziek betiereko bizia izan dezaten.
16 "Alabainan, Jainkoak hain maite izan du mundua, non bere Seme bakarra eman baitu, haren baitan sinesten duenik nehor gal ez dadin, baizik betiereko bizia izan dezan. 17 Zeren Jainkoak ez baitu Semea mundurat igorri munduaren kondenatzeko, haren bidez munduaren salbatzeko bai. 18 Haren baitan sinesten duena ez da kondenatua; sinesten ez duena, ordea, kondenatua da jadanik, Jainkoaren Seme bakarraren baitan ez baitu sinetsi. 19 Hau da kondenamenduaren arrazoina : argia mundurat etorri da, bainan gizakiek ilunpea maiteago izan dute argia baino, gaixtoak direlakotz heien egintzak. 20 Alabainan, gaizkia egiten duenak hastio du argia, eta ez da argitarat hurbiltzen, haren egintzak agerian geldi ez daitezen. 21 Egiaren arabera ari dena, berriz, argirat hurbiltzen da, haren egintzak Jainkoak nahi bezalakoak direla ager dadin".

22 Gero, Jesus Judea alderat joan zen bere dizipuluekin, eta han egon zen heiekin, bataiatzen. 23 Joanes ere bataiatzen ari zen Enonen, Salim ondoan*, ur ainitz baitzen han. Eta jendea bataiatzera etortzen zitzaion. 24 Joanes ez zen oraino preso sartua.
25 Joanesen dizipuluen eta judu baten artean* eztabada sortu zen garbiketaz. 26 Joanesenganat etorri eta erran zioten :
— Irakasle, Jordanez bestaldean zurekin zen hura, zuk lekukotasun eman ziniona, orai bataiatzen ari da, eta harenganat doatzi denak.
27 Joanesek ihardetsi zioten :
— Gizakiak ez du deus Jainkoak emaiten diona baizik. 28 Zihaurek lekuko zaituztet erran nuela : "Ez naiz ni Mesias, haren aitzinean igorria baizik". 29 Andere ezkonberria jaun ezkonberriarena* da. Jaun ezkonberriari bere adiskidea ondoan egoiten zaio, jaun ezkonberriaren mintzoa bozkarioz entzuten duela. Hori dut nik ere bozkarioa, bozkario bete-betea. 30 Harek handitu behar du eta nik ttipitu.

31 "Gainetik datorrena denak baino gorago da. Lurretik dena lurtiarra da, eta lurrekoaz mintzo da; zerutik datorrena 32 ikusi eta entzun duenaren lekuko da; bainan haren lekukotasuna ez du nehork onartzen. 33 Haren lekukotasuna onartzen duenak, Jainkoak egia diola segurtatzen du. 34 Zeren, Jainkoak igorria mintzo denean, Jainkoa bera da mintzo, neurririk gabe emaiten baitio bere Izpiritua. 35 Aitak Semea maite du, eta haren esku ezarri du dena. 36 Semearen baitan sinesten duenak betiko bizia badu; bainan Semearen baitan sinetsi nahi ez duenak ez du bizia ikusiko, eta Jainkoaren haserrea, bai, gainean du".

4

1 Farisauek entzun zuten Joanesek baino dizipulu gehiago egiten eta jende gehiago bataiatzen zuela Jesusek; 2 egia erran, ez zuen Jesusek berak bataiatzen, haren dizipuluek baizik. 3 Hori jakitearekin, Judea utzi zuen Jesusek eta Galilearat Joan zen berriz.
4 barna iragan behar zuen. 5 Heldu zen, bada, Sikar deitu Samariako hirirat, Jakobek bere seme Josepi eman zion lurretik hurbil. 6 Han zen Jakoben putzua. Jesus, bidean akiturik, putzu hegian jarri zen. Eguerdi ingurua zen. 8 Dizipuluak hirirat Joanak ziren jateko erostera. 7 Hortan, Samariako emazte bat urketa etorri zen. Jesusek erran zion :
— Emadazu edatera.
9 Orduan, emazte samariarrak erran zion :
— Nola zuk, judua izanki eta, eskatzen dautazu edatera neri, naizen emazte samariarrari ? (Jakin behar da juduek harremanik ez dutela samariarrekin*).
10 Jesusek ihardetsi :
— Bazinaki Jainkoak zer eman dezakeen eta nor den edatera galdegiten dautzuna, zuk eskatuko zinioke, eta harek ur bizia* emanen lauzuke.
11 Emazteak erran zion :
— Jauna, untzirik ez duzu, eta putzua barna da. Nondik aterako duzu, beraz, ur bizi hori ? 12 aita Jakobek utzi zaukun putzu hau eta berak huntarik edan zuen, bai eta haren seme-alabek eta abereek. Hura baino gehiago ote zira zu ?
13 Jesusek ihardetsi zion :
— Ur huntarik edaten duena berriz ere egarrituko da; 14 nik emanen diotan uretik edanen duena, ordea, ez da sekula egarrituko; zeren nik emanen diotan ura betiereko bizia darion iturri bilakatuko baitzaio bere baitan.
15 Orduan, emazteak :
— Jauna, ur hori emadazu, berriz egarri ez nadin, eta hunat urketa etortzerik izan ez dezadan.
16 Jesusek erran zion :
— Zoazi, dei egiozu senarrari eta zato berriz hunat.
17 Emazteak ihardetsi :
— Senarrik ez dut.
Eta Jesusek :
— Ongi diozu senarrik ez duzula; 18 bost senar izan ditutzu, eta oraikoa ez duzu senarra; hortan egia diozu.
19 Emazteak erran zion :
— Jauna, profeta zirela ikusten dut. 20 Gure arbasoek mendi huntan* adoratu zuten Jainkoa; zuek, juduek, aldiz, Jerusalemen adoratu behar dela diozue.
21 Jesusek erran zion :
— Sinets nezazu, emaztea, badator ordua, ez baituzue Aita, ez mendi huntan, ez Jerusalemen, adoratuko. 22 Zuek, samariarrek, ez dakizue zer adoratzen duzuen; guk badakigu zer adoratzen dugun, salbamendua juduenganik baita. 23 Bainan badator ordua — hobeki erran, orai da —, egiazko adoratzaileek Aita egiaren arabera eta Izpirituak eraginik adoratuko baitute; holako adoratzaileak nahi ditu Aitak. 24 Jainkoa Izpiritu da, eta hura adoratzen dutenek egiaren arabera eta Izpirituak eraginik adoratu behar dute.
25 erran zion :
— Badakit Mesias, erran nahi baita Kristo, etortzekoa dela, eta harek, etorriko denean, gauza guziak erakutsiko dauzkigula.
26 erran zion :
— Ni naiz Mesias, mintzo nitzaizun hau.
27 Orduan etorri ziren dizipuluak eta harritu ziren Jesus emazte batekin elaka ikusteaz; halere, nehork ez zion galdegin zer nahi zuen edo zergatik mintzo zen emaztearekin.
28 pegarra utzi, hirirat itzuli eta jendeari erran zion : 29 "Zatozte egin dutan guzia erran dautan gizon baten ikustera. Ez ote da Mesias ?"
30 hiritik atera eta Jesusenganat Joan zen.
31 Anartean, dizipuluak otoizka ari zitzaizkion :
— Irakasle, jan zazu.
32 harek erran zioten :
— Zuek ez dakizuen janaria badut jateko.
33 Dizipuluak elkarri galdezka hasi ziren, orduan :
— Norbaitek jatera ekarri ote dio ?
34 Jesusek erran zioten :
— Nere janaria, igorri nauenaren nahia egitea da, haren salbarnenegintza bururatu arte. 35 Ez ote duzue erraiten zuek : "Lau hilabeteren buruan uzta dugu" ? Bainan, nik diozuet : Altxa begiak eta ikus alorrak : bihia zohi da uzta egiteko.
36 Jadanik uzta egilea bere sariaren hartzen ari da, eta betiko bizirako fruituaren altxatzen, ereilea eta uzta egilea, biak batean bozkaria daitezen. 37 zaharrak egia dio : "Batek erein, besteak uzta bildu". 38 Zihaurek landu ez duzuenaren biltzera igorri zaituztet, besteek lan egin eta zuek heien lanaren ondorioak altxa.

39 Hiri hartako samariar ainitzek Jesusen baitan sinetsi zuten emazteak segurtatzen baitzioten : "Egin dutan guzia erran daut".
40 Beraz, samariarrek, Jesusenganat etorri zirenean, heiekin egoiteko eskatu zioten, eta bi egun egon zen han. 41 Jesusen mezua entzutean, ainitz gehiagok sinetsi zuten, 42 eta emazteari erraiten zioten : "Orai ez dugu zuk erranarengatik bakarrik sinesten; guhaurek entzun dugu, eta badakigu hau dela zinez munduaren Salbatzailea".

43 egunen buruan, handik atera eta Galilearat Joan zen. 44 Jesusek berak aitortua zuen profeta ez dela bere herrian ohoratua. 45 Halere, Galilearat heldu zenean, galilearrek ongi etorri egin zioten, Jerusalemen izanak baitziren heiek ere Basko-bestaz, eta ikusia zuten Jesusek orduan egin guzia.
46 Jesus Galileako Kanarat Joan zen berriz, ura arnotu zuen herrirat. Bazen han errege-funtzionari bat, semea Kafarnaumen eri zuena. 47 Jesus Judeatik Galilearat heldu zela, Joan zitzaion, otoi Kafarnaumerat jausteko, hilzorian zuen semearen sendatzera. 48 Jesusek erran zion :
— Seinale eta egintza harrigarriak ikusten ez baditutzue, ez duzue sinesten.
49 Bainan errege-funtzionariak ihardetsi :
— Jauna, zato nere haurra hil aitzin.
50 Jesusek erran zion :
— Zoazi etxerat, semea sendo duzu.
Gizonak sinetsi zuen Jesusek errana eta Joan zen.
51 Etxerateko bidean, mutilak etorri zitzaizkion semea sendo zuela erraitera. 52 Orduan, zer orenetan hobekitu zen galdegin zioten. Eta heiek ihardetsi :
— Atzo, arratsaldeko oren batean sukarrak utzi du.
53 Aita ohartu zen ordu hartan erran ziola Jesusek : "Semea sendo duzu", eta sinetsi zuten Jesusen baitan, harek eta etxeko guziek.
54 Bigarren mirakuluzko seinale hau Judeatik Galilearat itzultzean egin zuen Jesusek.

5

1 Gero, juduen besta bat* ospatzen zela, Jesus Jerusalemerat itzuli zen. 2 Bada Jerusalemen, Ardien atea delakoaren ondoan, ur-aska bat, bost aterbe dituena. Hebrearrez Betzata* deitzen da. 3 Aterbe heietan eri ainitz etzanik egoiten zen : itsu, maingu eta parlesiatu. (3b-4*). 5 Bazen han gizon bat, hogeita hemezortzi une hartan eri zagona. 6 Jesusek, han etzanik ikusi eta aspaldian hola zela jakinik, erran zion :
— Sendatu nahi duzu ?
7 Eriak ihardetsi :
— Jauna, ez dut nehor, ura higitzen denean, ur-askarat botako nauenik; ni heldu orduko beste batek aitzina hartzen daut.
8 Jesusek erran zion :
— Jeiki, har zure ohetxoa eta ibil zaite.
9 Berehala sendatu zen gizona; ohetxoa hartu eta ibiltzen hasi zen.
Egun hura sabatoa zen, pausueguna.
10Orduan, juduek sendatuari erran zioten :
— Sabatoa da; ez zira haizu ohetxoaren eremaitera.
11 Harek ihardetsi zioten :
— Sendatu nauenak berak erran daut : "Har zure ohetxoa eta ibil zaite".
12 Heiek galdatu zioten :
— Nor da ohetxoa hartu eta ibiltzeko erran dautzun hori ?
13 Bainan sendatuak ez zakien nor zen, Jesus itzali baitzen inguruko jendaldearen artean.
14 Geroxeago, Jesusek tenpluan aurkitu zuen eta erran zion :
— Horra, sendatua zira; ez gehiago bekaturik egin, makurragorik gerta ez dakizun.
15 Joan zen gizona, eta juduen buruzagieri erran zioten Jesusek zuela sendatu.

16 Hain zuzen, sabatokari halako gauzak egiten zituelakotz, juduak Jesusen pertsegitzen hasi ziren.
17 Orduan, Jesusek erran zioten : "Nere Aita geldigabe lanean ari da, eta ni ere bai".
18 Ateraldi horrengatik, juduak are gehiago Jesus hil nahiz zabiltzan, sabatoko pausuaren hausteaz bestalde, Jainkoa bere aita zuela erraiten baitzuen, hola bere burua Jainkoaren pareko eginez.
19 Jesusek erran zioten aitzina : "Egiaz-egiaz diozuet : Semeak ez dezake deus ere bere baitarik egin, Aitari egiten ikusten diona baizik : Aitak zer egin, hura bera egiten du Semeak ere. 20 Alabainan, Aitak Semea maite du, eta berak egiten duen guzia erakusten dio, eta handiagoak erakutsiko diozka oraino, harrituko zaituztenak. 21 Aitak hilak piztu eta bizia emaiten dioten bezala, Semeak ere bizia emaiten diote, berak nahi dueneri.
22 Aitak ez du nehor jujatzen, jujatzeko ahal guzia Serneari eman dio, 23 guziek, bera ohoratzen duten bezala, Semea ere ohora dezaten. Semea ohoratzen ez duenak, hura igorri duen Aita ere ez du ohoratzen. 24 Egiaz-egiaz diozuet : nere mezua entzun eta igorri nauenaren baitan sinesten duenak betiereko bizia badu. Ez da kondenatua izanen; jadanik heriotzetik bizirat iragana da.
25 "Egiaz-egiaz diozuet : badator ordua — hobeki erran, orai da —, hilek* Jainkoaren Semearen mintzoa entzunen baitute; eta entzunen dutenak biziko dira. 26 Aitak bizia bere baitan daukan bezala, Semeari ere bizia bere baitan ukaitea eman dio. 27 Gainera, jujatzeko eskua eman dio, Gizonaren Semea delakotz. 28 Ez zaiteztela harri hortaz, baitator ordua hil guziek haren mintzoa entzunen baitute, 29 eta hilobietarik aterako baitira : ongia egin zutenak bizitzeko piztuko dira; gaizkia egin zutenak, aldiz, kondenatuak izaiteko.
30 "Nik ez dezaket deus ere neure baitarik egin : Aitak erranetik jujatzen dut; eta nere jujamendua zuzena da, ez baitut nere nahiaren egitea bilatzen, igorri nauen harena baizik.

31 "Neure buruaren aldeko lekukotasuna eman baneza, ez luke baliorik. 32 Beste batek du nere aldeko lekukotasuna emaiten, eta badakit haren lekukotasunak balio duela. 33 Mandatariak igorri ziniozkaten Joanesi, eta harek egiaren alde lekukotasuna eman zuen. 34 Ez dut gizon baten lekukotasun beharrik, bainan hau erraiten dut salba zaitezten. 35 Joanesek argi egiten zuen argi-untzi piztuak bezala, eta zuek aldino batez bakarrik onartu zinuten haren argiaz bozkariatzea.
36 "Nik, ordea, badut nere alde Joanesena baino balio handiagoko lekukotasuna : bete ditzadan Aitak nere gain utzi egintzak; egiten ditudan egintzak lekuko dira nere alde, eta Aitak igorri nauela frogatzen dute. 37 Eta igorri nauen Aita bera ere lekuko da nere alde. Bainan zuek ez duzue sekula haren mintzorik entzun, ez haren aurpegirik ikusi, 38 eta haren hitzak ere zuen baitan egoiterik ez du, harek igorria ez baituzue sinesten. 39 Liburu Sainduak ikertzen ditutzue, betiereko bizia heietan aurkituko duzuelakoan; eta heiek ere lekukotasun emaiten dute nere alde. 40 Halere, ez duzue nereganat etorri nahi bizia izan dezazuen.
41 "Ez dut gizakienganik ohorerik onartzen. 42 ezagutzen zaituztet eta badakit ez duzuela Jainkoa maite. 43 Nere Aitaren izenean etorria naiz, bainan zuek ez nauzue onartzen; norbait bere izenean etor baladi, hura bai, onar zinezakete. 44 Nola sinets dezakezue, zuek, elkarri ohore emaiten ari zireztenek, bainan Jainko bakarrarenganik datorren ohorea bilatzen ez duzuenek ? 45 Ez uste izan Aitaren aitzinean salatuko zaituztedala; Moisek berak, zuen esperantzak, salatuko zaituzte. 46 Alabainan, sinets bazinezate Mois, ni ere sinets nindezakezue, nitaz izkiriatu* baitzuen harek. 47 Bainan, harek izkiriatua sinesten ez baduzue, nola sinetsiko duzue nik errana ?"

6

1 Gero, Galileako (edo Tiberiadeseko) lakuaz* bestalderat Joan zen JESUS. 2 Eta jende ainitz jarraikitzen zitzaion, eriak sendatuz egiten zituen mirakuluzko seinaleak ikusten baitzi~ tuzten. 3 Jesus mendirat igan eta han jarri zen bere dizipuluekin. 4 Hurbil zen Bazko, juduen besta nagusia. 5 Jesusek, jende ainitz zatorkiola ikusirik, Filipi erran zion :
— Non erosiko ginuke ogia, jan dezaten ?
6 Frogatzeko erran zion hori, ongi baitzakien berak zer eginen zuen.
7 Filipek ihardetsi :
— Berrehun denarioren ogia* ez litzateke aski bakotxak puxka bat ukaiteko.
8 Bere dizipuluetarik batek, Simon Petriren anaia Andrek, erran zion :
9 -Bada hemen bost garagar-ogi eta bi arrain ttipi dituen mutiko bat; bainan zer da hori hainbesterentzat ?
10 Jesusek jendea jarrarazteko manatu zioten dizipulueri. Belar ainitz bazen leku hartan, eta jarri ziren denak. Bost milako bat gizon bazen. 11 Jesusek ogiak hartu eta, esker onezko otoitza egin ondoan, partekatu zituen jarririk zaudenen artean, berdin arrainak ere, nahi zuten bezainbat. 12 Eta ase zirenean, Jesusek dizipulueri erran zioten : "Bil ondarrak, deus gal ez dadin".
13 Bildu zituzten, bada, eta bost garagar-ogietarik jan zuteneri gelditu zitzaizkioten ondarrez hamabi zare bete zituzten. 14 mirakuluzko seinale hura ikusirik, jendeek zioten : "Hau da zinez mundurat etortzekoa zen profeta".
15 Jesusek baitzakien indarrez eremanen zutela errege egiteko, mendirat Joan zen berriz, bakarrik.

16 Arratsean, Jesusen dizipuluak lakurat jautsi 17 eta, untzirat iganik, lakuaz bestalderat abiatu ziren, Kafarnaumerat buruz. Iluna zen jadanik, eta Jesus ez zitzaioten etorria. 18 Haize azkar batek lakua uhainetan ezarri zuen. 19 Bospasei kilometra* arraunean egin ondoan, Jesus lakuan oinez untzirat hurbiltzen ikusi zuten, eta beldurrak hartu zituen. 20 Jesusek, ordea, erran zioten : "Ni naiz. Ez beldur izan !"
21 Untzian hartu nahi izan zuten, bainan untzia berehala zoatzin tokirat heldu zen.

22 Biharamunean, lakuaz bestaldean egon jendea ohartu zen han untzi bat baizik ez zela izan eta Jesus ez zela untzirat igan dizipuluekin, hauek bakarrik Joan zirela. 23 Anartean, beste zenbait untzi Tiberiadesetik etorri ziren, Jaunak esker onezko otoitza egin eta ogia jan zuten lekuaren ondorat. 24 Ez Jesus eta ez dizipuluak ez zirela han ikustearekin, jendea untzi heietarat igan eta Kafarnaumerat Joan zen, Jesusen bila. 25 Lakuaz bestaldean aurkitu eta erran zioten :
— lrakasle jauna, noiz etorri zira hunat ?
26 Jesusek ihardetsi :
— Egiaz-egiaz diozuet : nere bila zabiltzate, ez ikusi ditutzuen mirakuluzko seinaleengatik, ogia asetzeraino jan duzuelakotz baizik. 27 Lan egizue, ez galtzen den janariagatik, baizik irauten eta betiereko bizia emaiten duen janariagatik; hori Gizonaren Semeak emanen dautzue, Jainko Aitak bere nagusigoaren ordezkari egin duenak.
28 Orduan, galdatu zioten :
— Zer egin behar dugu Jainkoak nahi duenaren egiteko ?
29 Jesusek ihardetsi :
— Hau da Jainkoak nahi duena : harek igorri duenaren baitan sinets dezazuen.
30 Galdatu zioten, orduan :
— Zer seinale emaiten daukuzu, bada, ikus dezagun eta zutan sinets ? Zer egiten duzu ? 31 Gure arbasoek mana jan zuten basamortuan, Liburu Sainduak dion bezala : Zerutikako ogia eman zioten jatera*.
32 Jesusek ihardetsi :
— Egiaz-egiaz diozuet : Ez zaitzuen Moisek eman zerutikako ogia, nere Aitak emaiten dautzue zerutikako egiazko ogia. 33 Zeren Jainkoaren ogia, zerutik jautsi eta munduari bizia emaiten diona baita.
34 Orduan, eskatu zioten :
— Jauna, emaguzu beti ogi hortarik.
35 Jesusek ihardetsi :
— Ni naiz bizia emaiten duen ogia*; nereganat datorrena ez da gosetuko, eta nere baitan sinesten duena ez da sekula egarrituko. 36 Zuek, ordea, lehen ere erran dautzuet, ez duzue sinesten, nahiz eta ikusi nauzuen. 37 Aitak emaiten dauzkitan guziak etorriko zaizkit eta etortzen zaitana ez dut neholaz ere kanporat botako, 38 ez bainaiz zerutik jautsi nere nahia egitera, baizik igorri nauenaren nahia. 39 Eta huna igorri nauenaren nahia : harek eman dauzkitan guzietarik bat ere gal ez dezadan, baizik pitz ditzadan azken egunean. 40 Bai, huna nere Aitak nahi duena : Semea ikusi eta haren baitan sinesten duenak betiereko bizia izan dezan; eta nik piztuko dut azken egunean.
41 Orduan, marmarika hasi ziren juduak, "Ni naiz zerutik jautsi ogia" erran zuelakotz, 42 eta zioten :
— Ez ote da hori Jesus, Josepen semea ? Ez ote ditugu horren aitamak ezagutzen ? Nolaz dio, orai, zerutik jautsia dela ?
43 Jesusek ihardetsi :
— Ez ar marmarika zuen artean. 44 ez daiteke nereganat etor, igorri nauen Aitak erakartzen ez badu; eta nik piztuko dut azken egunean. 45 Profeten liburuan izkiriatua da : Jainkoaren ikasle izanen dira denak. Aita entzuten eta harek irakatsia beretzen duena nereganat dator. 46 Nehork ez du Aita ikusi Jainkoarenganik datorrenak baizik.
47 "Egiaz-egiaz diozuet : Sinesten duenak* betiereko bizia badu. 48 Ni naiz bizia emaiten duen ogia. 49 Zuen arbasoek mana jan zuten basamortuan eta, halere, hil ziren. 50 Bestelakoa da zerutik jausten den ogia : hartarik jaten duena ez da hilen. 51 Ni naiz zerutik jautsia den ogi bizia; ogi huntarik jaten duenak betiereko bizia izanen du. Eta nik emanen dutan ogia nere gorputza da, mundua bizi dadin emana".
52 Hitz hauek eztabada gogorra piztu zuten juduen artean.
Hau zioten :
— Nola eman diezaguke hunek bere gorputza jatera ?
53 Jesusek erran zioten :
— Egiaz-egiaz diozuet : Gizonaren Semearen gorputza jaten eta haren odola edaten ez baduzue, ez duzue bizirik izanen zuen baitan. 54 Nere gorputza jaten eta nere odola edaten duenak betiereko bizia badu, eta nik piztuko dut azken egunean. 55 nere gorputza egiazko janaria baita, eta nere odola egiazko edaria. 56 Nere gorputza jaten eta nere odola edaten duenak nerekin bat egiten du, eta nik harekin. 57 Bizia duen Aitak igorri nau eta hari esker dut nik bizia; halaber, ni jaten nauenak ere neri esker izanen du bizia. 58 Hau da zerutik jautsi ogia; ez da zuen arbasoek jan zutena bezalakoa, heiek hil baitziren; ogi huntarik jaten duenak betiereko bizia izanen du.
59 Irakaspen hau guzia Kafarnaumeko sinagogan eman zuen Jesusek.

60 Jesus hola mintzo entzun eta haren dizipuluetarik ainitzek egin zuten : "Gogorregiak erran ditu. Nork onar dezazke ?"
61 Dizipuluak marmarika ari zirela oharturik, Jesusek erran zioten : "Fedea galbidean ote duzue horrengatik ? 62 Eta Gizonaren Semea lehen zagon tokirat igaiten ikusten bazinute ? 63 Izpiritua da bizi-emaile; gizakia, berez, deusetarako ez da. Erran dauzkitzuetan hitzak izpiritu eta bizi dira. 64 Bainan zuen artean badira sinesten ez dutenak".
Alabainan, Jesusek hastetik bazakien nork ez zuen sinesten eta nork salduko zuen. 65 Eta erran zuen gainera : "Horrengatik erran dautzuet ezin dela nehor nereganat etor, Aitak hori emaiten ez badio".
66 Ordutik, haren dizipuluetarik ainitzek gibelerat egin zuten, eta harekin ibiltzea utzi. 67 Orduan, Jesusek Hamabieri erran zioten :
— Eta zuek ez duzue Joan nahi ? 68 Simon Petrik ihardetsi zion :
— Jauna, norenganat Joan gintezke ? Zuk ditutzu betiereko bizia emaiten duten hitzak. 69 Eta guk sinetsi dugu eta badakigu zu zirela Jainkoaren Saindua.
70 Jesusek ihardetsi zioten :
— Ez ote zaituztet nik hautatu Hamabiak ? Halere, zuetarik bat debru bat da.
71 Simonen seme Judas lskariotez ari zen; hau baitzen, Hamabietarik bat izanik ere, Jesus salduko zuena.

7

1 Gero Jesus Galilean ibili zen. Ez zuen Judean ibili nahi, juduek hil nahi baitzuten. 2 Etxola-besta*, juduen bestetarik bat, hurbil zelarik, 3 bere anai-arrebek Jesusi erran zioten :
— Zoazi hemendik Judearat, egiten ditutzunak zure dizipuluek ere ikus ditzaten. 4 Bere burua ezagutarazi nahi duena ez da gordean aritzen. Hainbestekoak egiten eta emazu mundu guziak ikusteko gisan.
5 Zeren, bere haurrideek ere ez zuten haren baitan sinesten. 6 Jesusek erran zioten :
— Nik ez dut oraino tenore; zuek, aldiz, beti tenore duzue.
7 Munduak herrarik ez dezake izan zuentzat; neretzat, bai, herra badu, argitan ezartzen baitut gaixtoak direla haren egintzak. 8 Zoazte zuek bestarat; ni ez noa, nere tenorea ez baita oraino etorria.
9 Hori erran eta Galilean egon zen. 10 Bainan haurrideak bestarat Joan ondoan, bera ere Joan zen; bainan ez agerian, gordeka bezala baizik.

11 Juduak Jesusen bila zabiltzan, bestan, erranez : "Non ote da ?" 12 Eta jendeak ele-mele ainitz zerabilan; batzuk zioten : "Gizon ona da". Beste batzuk, berriz : "Ez, jendearen enganatzen ari da". 13 Bainan, nehor ez zen hartaz agerian mintzatzera ausartatzen, juduen beldurrez.
14 Bestaren erdialderat, tenpluan agertu zen Jesus, eta irakasten hasi. 15 Juduak, harrituak ziren, ziotela :
— Nolaz da hain jakintsu, ikasten ibili gabe* ?
16 Jesusek ihardetsi zioten :
— Nere irakaspena ez dut nerea, baizik igorri nauen harena. 17 Jainkoaren nahia egiteko prest dagonak jakinen du irakaspen hau Jainkoaganik den ala nere burutarik mintzo naizen. 18 burutarik mintzo denak bere ohorea du bilatzen ; bainan igorri duenaren ohorea bilatzen duena fidagarria da, eta ez du faltsukeriarik. 19 Ez ote zaitzuen Moisek eman legea ? Halere, zuetarik nehork ez du legea betetzen. Zergatik zabiltzate ni hil nahiz ?
20 Jendeak ihardetsi zion :
— Burutik baduzu ! Nor dabil zu hil nahiz ?
21 ihardetsi zioten :
— Harrituak zirezte sabatokari egin dutanagatik. 22 Bainan pentsa : Moisek ebakitzaren legea ezarri zaitzuen (egia erran, ohidura hori ez zen Moisekin hasi, arbasoekin baizik), eta gizona sabatokari ere ebakitu ohi duzue. 23, Moisen legea ez hausteagatik, ebakitzea sabatokari ere egiten bazaio gizonari, zergatik haserretzen zirezte nere kontra, sabatokari gizon baten gorputz osoa sendatu dutalakotz ? 24 Ez juja itxuren arabera, juja zuzentasunez.

25 Jerusalemen bizi ziren batzuk erraiten zuten : "Ez ote da hau hil nahi dutena ? 26 Horra agerian mintzo dela, eta ez diote deusik erraiten. Buruzagiek zinez onartu ote dute'Mesias dela ? 27 Mesias etorriko denean, nehork ez du jakinen nongoa den; hau, ordea, badakigu nongoa den".
28 Jesusek, orduan, tenpluan irakasten ari zelarik, oihu egin zuen : "Ni ezagutzen nauzuela, eta badakizuela nongoa naizen ! Bainan ez naiz neure burutarik etorria, fidagarria denak igorria nau, eta zuek ez duzue hura ezagutzen. 29 Nik, bai, ezagutzen dut, harenganik bainator, eta harek igorria bainaiz".
30 Berehala arrastatu nahi izan zuten, bainan nehork ez zion eskua gainean ezarri, ez baitzen oraino haren ordua. 31 ainitzek haren baitan sinetsi zuten ziotela : "Mesias etorriko denean, hunek baino mirakuluzko seinale gehiago eginen ote du ?"
32 Farisauek entzun zuten zer ele-mele zerabilan jendeak Jesusez. Orduan, apezburuek eta farisauek goardiak igorri ziozkaten arrastatzera. 33 Jesusek erran zuen : "Oraino apur bat zuekin egon eta igorri nauenarenganat Joanen naiz. 34 Nere bila ibiliko zirezte, bainan ez nauzue aurkituko, ni egonen naizen tokirat ezin baitzirezte Joan".
35 elkarren artean zerabilaten : "Norat Joanen da hau, guk ez aurkitzeko ? Greziarren artean barreiatu juduetarat Joanen ote da, greziarreri* bere irakaspenaren emaitera ? 36 Zergatik erraiten du "Nere bila ibiliko zirezte, bainan ez nauzue aurkituko, ni egonen naizen tokirat ezin baitzirezte Joan" ?"

37 Bestako azken egunean, egun ospetsuenean, Jesusek, xutik, oihu egin zuen : "Egarri dena etor bedi nereganat, eta edan beza 38 nere baitan sinesten duenak. Liburu Sainduek diotenaz, ur bizizko errekak sortuko zaizkio barne-barnetik*".
39 Haren baitan sinetsiko zutenek ukanen zuten Izpirituaz erran zuen hori; alabainan, ez zen oraino Izpiritua emana, Jesusen Jainko-aintza ez zelakotz oraino agertua.

40 Jesusen hitz horiek entzun zituztenetarik batzuk zioten : "Zinez hau da etortzekoa den profeta*". 41 Beste batzuk erraiten zuten : "Hau da Mesias". Beste zenbaitek, aldiz : "Galileatik etor ote daiteke Mesias ? 42 Liburu Sainduak ez ote dio Daviden hazitik eta haren herritik, Betleemetik, etorriko dela ?"
43 Jendea zatitu zen, beraz, Jesusengatik.
44 Batzuk arrastatu nahi zuten, bainan nehork ez zion eskua gainean ezarri. 45 Goardiak apezburu eta farisauenganat itzuli ziren. Hauek galdatu zieten :
— Zergatik ez duzue ekarri ?
46 Goardiek ihardetsi :
— Ez da sekula nehor hori bezala mintzatu.
47 Orduan, farisauek :
— Zuek ere enganatu ote zaituzte ? 48 Buruzagi edo farisauetarik batek ere sinetsi ote du haren baitan ? 49 Bainan legea ezagutzen ez duen jende hori madarikatua da.
50 Nikodemok, farisauetarik batek, lehentxeago Jesusenganat Joan zenak, erran zioten :
51 -Gure legearen arabera, haizu ote gira nehoren kondenatzera, lehenik bera entzun eta zer egin duen jakin gabe ?
52 Besteek ihardetsi :
— Zu ere galilearra ote zira ? Iker Liburu Sainduak, eta ikusiko duzu Galileatik ez dela sekula profetarik atera.

53 (Eta nor bere etxerat Joan zen.

8

1 Jesus Oliamendirat Joan zen. 2 Biharamunean, goizean goizik tenplurat itzuli zenean, herri guzia etorri zitzaion. Jesus jarri eta irakasten hasi zen.
3 Orduan, lege-irakasle eta farisauek emazte bat, adulterioan harrapatua, ekarri zioten eta erdierdian ezarri. 4 Jesusi erran zioten :
— lrakasle jauna, emazte hau adulterioan ari zela harrapatu dute. 5 Moisek, legean, holakoak harrika hiltzeko manatu zaukun; zuk zer diozu ?
6 Galde hori egin zioten hutsean atzemaiteagatik, gero salatzeko. Bainan Jesus, ukurturik, eriaz lurrean izkiriatzen hasi zen. 7 Heiek, ordea, galde eta galde ari baitzitzaizkion, xutitu zen Jesus eta erran zioten :
— Zuetan bekaturik gabe denak lehen harria bota dezola.
8 Eta berriz ukurturik, lurrean izkiriatzen men. 9 Hori entzutearekin, bat bestearen ondotik Joan ziren, zaharrenetarik haste. Jesus bakarrik gelditu zen, emaztea aitzinean zuela. 10 Jesusek, xutitu eta, erran zion :
— Emaztea, non dira salatzaileak ? Nehork ez zaitu kondenatu ?
11 Harek ihardetsi :
— Nehork, Jauna.
Orduan, Jesusek :
— Nik ere ez zaitut kondenatzen; zoazi, eta ez egin berriz bekaturik.)

12 Jesus jendeari mintzatu zitzaion berriz :
— Ni naiz munduarentzat argia*; jarraikitzen zaitana ez da ilunpean ibiliko, bizia emaiten duen argia ukanen du.
13 Orduan, farisauek erran zioten :
— Zeure buruari emaiten diozu lekukotasun; beraz, zure lekukotasunak ez du baliorik.
14 Jesusek ihardetsi :
— Neure buruari nihaurek lekukotasun emaiten badiot ere, nere lekukotasunak balio du, baitakit nondik etorria naizen eta norat noan; bainan zuek ez dakizue, ez nondik natorren, ez eta norat noan. 15 Zuek gizakiaren gisa* jujatzen duzue; nik ez dut nehor jujatzen*. 16 Eta juja baneza ere, nere jujamendua baliozkoa litzateke, ez bainezake nik bakarrik juja, igorri nauen Aita ere nerekin da. 17 Zuen legean izkiriatua da bi lagunen lekukotasuna baliozkoa dela. 18 Nere buruari nihaurek lekukotasun emaiten diot, bainan igorri nauen Aitak ere lekukotasun emaiten daut. 19 Orduan, galdatu zioten :
— Non da zure Aita ?
Jesusek ihardetsi :
— Ez gaitutzue ezagutzen, ez ni, ez nere Aita; ezagutzen baninduzue, nere Aita ere ezagutuko zinukete.

20 Hitz hauek tenpluan irakasten ari zelarik erran zituen Jesusek dirutegi ondoan*. Halere, nehork ez zuen arrastatu, ordua ez baitzuen oraino etorria.
21 Jesusek erran zioten oraino :
— Banoa, eta zuek nere bila ibiliko zirezte, bainan zuen bekatuan hilen zirezte. Noan tokirat zuek ezin zirezte Joan.
22 Orduan, juduek :
— Bere buruaz beste eginen ote du, erraiteko "Noan tokirat zuek ezin zirezte Joan" ?
23 Jesusek aitzina :
— Zuek beherekoak zirezte, ni gainekoa naiz; zuek mundu huntakoak zirezte, ni ez naiz mundu huntakoa. 24 Horrengatik erran dautzuet zuen bekatuetan hilen zireztela; zeren, naizena naizela* sinesten ez baduzue, zuen bekatuetan hilen zirezte.
25 Orduan, erran zioten :
— Nor zira zu ?
Jesusek ihardetsi :
— Hastetik erraiten ari nitzaizue*. 26 Zuetaz badut ainitz erraitekorik eta jujatzekorik. Bainan igorri nauena fidagarria da ; eta nik hari entzun diotana, hura bera erraiten diot munduari.
27 Bainan ez ziren jabetu Aitaz mintzo zitzaiotela. 28 Orduan, Jesusek erran zioten :
— Gizonaren Semea altxatuko duzuenean ohartuko zirezte naizena naizela, eta ez dutala deus neure burutarik egiten : Aitak irakatsia bakarrik erraiten dut. 29 Nerekin dut igorri nauena; ez nau, ez, bakarrik utzi, harek atsegin duena egiten baitut beti.
30 Hola mintzatu zen Jesus, eta ainitzek sinetsi zuten haren baitan.

31 Orduan, haren baitan sinetsi zuten judueri Jesusek erran zioten :
— Nere mezuan irauten baduzue, zinez nere dizipulu zirezte; 32 hola, egia ezagutuko duzue, eta egiak libratuko zaituzte.
33 lhardetsi zioten :
— Gu Abrahamen hazikoak gira, eta ez gira sekula nehoren esklabo izan. Nola diozu libre izanen girela ?
34 Jesusek ihardetsi :
— Egiaz-egiaz diozuet : Bekatu egiten duen oro bekatuaren esklabo da. 35 Eta esklaboa ez da betikotz etxean egoiten; semea, ordea, bai. 36 Beraz, Semeak libratzen bazaituzte, egiazki libre izanen zirezte. 37 Badakit, bai, Abrahamen hazikoak zireztela; bainan ni hil nahiz zabiltzate, nere mezua zuen baitan sartzen ez delakotz. 38 Nere Aitaren ondoan ikusiaz mintzo naiz ni; zuek, aldiz, zuen aitari entzuna egiten duzue.

39 Jesusi ihardetsi zioten :
— Abraham dugu aita.
Jesusek berriz :
— Abrahamen seme bazinete, Abrahamek egin zuena egin zinezakete. 40 Orai ni hil nahiz zabiltzate, Jainkoari entzun diotan egia erran dautzuetalakotz; Abrahamek ez zuen holakorik egin. 41 Zuek, zuen aitak egin duena egiten duzue.
lhardetsi zioten :
— Ez gira sasikumeak*; Jainkoa dugu aita bakarra.
42 Jesusek, orduan :
— Jainkoa bazinute aita, maiteko nindukezue, Jainkoarenganik atera eta etorri bainaiz; ez naiz neure baitarik etorria, harek igorria nau. 43 Zergatik ez duzue konprenitzen erraiten dautzuetana ? Nere mezua ez baituzue entzuten ahal. 44 duzue aita, eta zuen aitaren gutiziak egin nahi ditutzue. Hura gizon-hiltzaile izan da hastetik, eta ez da egian oinarritua, haren baitan egiarik ez baita. Gezurra dionean, bere-berea duenetik ari da, gezurtia baita, eta gezurraren aita.
45 Ni, berriz, egia diotalakotz, ez nauzue sinesten. 46 Zuetarik nork sala dezake nitan bekaturik ? Bainan egia badiot, zergatik ez nauzue sinesten ? 47 Jainkoarena denak Jainkoak errana onartzen du; zuek ez duzue onartzen, Jainkoarenak ez zireztelakotz.
48 Orduan, juduek ihardetsi zioten :
— Ez ote dugu arrazoin samariarra* zirela eta burutik baduzula ?
49 Jesusek ihardetsi :
— Burutik xuxen naiz; nik neure Aita ohoratzen dut, eta zuek desohoratzen nauzue; 50 nik ez dut neure ohorea bilatzen; beste batek bilatzen du neretzat, eta harek du jujatzen. 51 Egiaz-egiaz diozuet : nere mezua begiratzen duenak ez du heriotzerik sekula ikusiko.
52 Juduek erran zioten :
— Orai badakigu burutik baduzula, Abraham hil da eta profetak ere bai; eta zuk diozu : "Nere hitza begiratzen duena ez da sekula hilen". 53 Gure aita Abraham baino gehiago ote zira zu ? Hura hil da eta profetak ere bai; nor daukazu zeure burua ?
54 ihardetsi :
— Nihaurek ohora baneza neure burua, ohore horrek deusik ez luke balio; Aitak nau ohoratzen, zuen Jainkoa dela diozuen harek.
55 Zuek, ordea, ez duzue ezagutzen; nik, bai, ezagutzen dut, eta ez dutala ezagutzen erran baneza, zuek bezalako gezurtia nintzateke; bainan ezagutzen dut, eta haren mezua begiratzen ere. 56 aita Abraham loriatu zen nere eguna ikusiko zuelakoan; ikusi du, eta bozkariatu da.
57 Orduan, juduek erran zioten :
— Berrogeita hamar urterik ez duzu, eta Abraham ikusi duzula ?
58 Jesusek ihardetsi :
— Egiaz-egiaz diozuet : Abraham sortu baino lehen, ni banaiz.
59 Orduan, harriak hartu zituzten hari botatzeko; bainan Jesus gorde zen eta tenplutik atera.

9

1 Zoala, sortzetik itsua zen gizon bat ikusi zuen Jesusek. 2 Eta dizipuluek galdegin zioten :
— Irakasle jauna, nork egin du bekatu hau itsu sortzeko, berak ala hunen aitamek ?
3 Jesusek ihardetsi :
— Ez berak, ez eta aitamek; Jainkoaren egintzak hunen baitan ager daitezen sortu da itsu. 4 Argi deno, igorri nauenaren egintzak bete behar ditut; badator gaua, nehork ez baitezake lanik egin orduan. 5 Munduan naizeno, munduaren argia naiz.
6 Hori erran eta tua bota zuen lurrerat, tuaz lohia egin eta itsuari begiak lohiz perekatu. 7 Gero, erran zion :
— Zoazi garbitzera Siloeko uraskarat* (Siloek "Igorria" erran nahi du).
Joan zen; garbitu eta ikusten zuela itzuli zen. 8 Auzoek eta lehenago eske ikusi ohi zutenek erraiten zuten :
— Ez ote da hori jarririk eske egoiten zena ?
9 Batzuk zioten :
— Bai, hura da.
Beste batzuk, berriz :
— Ez, haren iduriko norbait da.
Berak, ordea, zion :
— Bai, ni naiz.
10 Galdatu zioten :
— Nola ideki zaizkik begiak ?
11 Harek ihardetsi :
— Jesus delakoak lohia egin du, begiak hartaz perekatu eta erran daut : "Zoazi Siloerat, eta ikuz zaite"; Joan, ikuzi eta ikusten hasi naiz.
12 Galdegin zioten :
— Non da orai gizon hura ?
Harek ihardetsi :
— Ez dakit.

13 Itsu ohia farisaueri ereman zieten.
14 Hain zuzen, sabatoa zen Jesusek lohia egin* eta begiak ideki ziozkan eguna. 15 Orduan, farisauek ere galdegin zioten nola hasi zen ikusten. Harek ihardetsi :
— -Lohia ezarri daut begietan, ikuzi naiz, eta ikusten dut.
16 Farisauetarik batzuk zioten :
— Gizon hori ez dator Jainkoarenganik, sabatoko pausua ez baitu begiratzen.
Beste batzuk, berriz, zioten :
— Nola egin lezake bekatari batek holako mirakuluzko seinalerik ?
Eta zatituak ziren elkarren artean.
17 Orduan, berriz galdatu zioten itsuari :
— Eta hik, zer diok begiak ideki dauzkikanaz ?
Harek ihardetsi :
— Profeta da.
18 Juduek, ordea, ez zuten sinetsi nahi gizon hura itsu izan eta gero ikusten hasi zela. Beraz, haren aitamak deitu 19 eta galdegin zieten :
— Hau ote da zuen semea, itsu sortu zela diozuena ? Nolaz ikusten du, bada, orai ?
20 Aitamek ihardetsi zieten :
— Guk dakiguna da gure semea dela eta itsu sortu zela; 21 bainan orai nola ikusten duen edo begiak nork ideki diozkan, hori ez dakigu. Galdegiozue berari, adinetan da bere buruaren berri emaiteko.
22 Aitamek hola ihardetsi zuten juduen beldur zirelakotz, hauek ordukotz erabakia baitzuten Jesus Mesias zela aitortzen zuena sinagogatik kanpo ezartzea. 23 Horrengatik erran zuten aitamek : "Adinetan da, galdegiozue berari".
24 Farisauek itsu izana bigarren aldikotz deitu eta erran zioten :
— Errak egia Jainkoaren aitzinean*. Guk bazakiagu gizon hori bekataria dela.
25 Harek ihardetsi :
— Ez dakit bekataria den ala ez. Dakitana da itsu nintzela eta orai ikusten dutala.
26 Heiek berriz :
— Zer egin dauk ? Nola ideki dauzkik begiak ?
27 Eta harek ihardetsi :
— Jadanik errana dautzuet, eta ez dautazue kasurik egin. Zergatik nahi duzue berriz entzun ? Zuek ere haren dizipulu izan nahi duzue ala ?
28 Heiek laidoz estali eta erran zioten :
— Hi, bai, haren dizipulu; gu Moisen dizipulu gaituk. 29 Bazakiagu Jainkoa Moisi mintzatu zitzaiola, bainan hori nondikakoa den ez zakiagu.
30 Harek ihardetsi :
— Hori da bai harritzekoa ! Zuek nondikakoa den ez jakin, horrek begiak ideki dauzkitalarik ! 31 Badakigu Jainkoak ez dituela bekatariak entzuten, bainan jainkotiarra eta haren nahia egiten duena entzuten duela Jainkoak. 32 Egundaino ez dugu entzun itsu sortu bati nehork begiak ideki diozkanik. 33 Jainkoaganikakoa ez balitz, gizon horrek ezin lezake deus egin.
34 Heiek ihardetsi zioten :
— Sortzetik dena bekatu izanki eta eskolatu behar gaituk ?
Eta sinagogatik kanpo ezarri zuten.

35 Jesusek jakin zuen kanpo ezarri zutela eta, harekin buruz buru eginik, galdatu zion :
— Sinesten duzu Gizonaren Semearen baitan ?
36 Harek ihardetsi :
— Nor da, Jauna, haren baitan sinets dezadan.
37 Jesusek erran zion :
— Ikusia duzu. Mintzo zaitzuna bera da.
38 Orduan, Jesusen aitzinean ahuspekatu eta erran zion :
— Sinesten dut, Jauna.
39 Gero, Jesusek erran men :
— Mundu hunen auzitan ezartzera etorria naiz : ikusten ez dutenek ikusiko dute, eta ikusten dutenak itsu bilakatuko dira.
40 Jesusekin zauden farisau batzuk, hori entzunik, erran zioten :
— Gu ere itsuak ote gira ?
41 Jesusek ihardetsi :
— Itsu bazinete, bekaturik ez zinukete; bainan ikusten duzuela baitiozue, zuen bekatuak dirau.

10

1 "Egiaz-egiaz diozuet : artegian atetik sartzen ez dena, baizik gainka beste nonbaitetik, ohoina da eta gaixtagina. 2 Atetik sartzen dena, berriz, artzaina da. 3 Hari idekitzen dio atezainak, eta haren mintzoa entzuten dute ardiek; ardi bakotxa bere izenez deitu eta kanporat eremaiten ditu. 4 Denak atera dituenean, aitzinean joaiten zaiote, eta ardiak jarraikitzen zaizkio, haren mintzoa ezagutzen baitute. 5 Arrotz bati, ordea, ez zaizkio jarraikiko; aitzitik, ihes eginen diote, arrotzen mintzoa ezagutzen ez dutelakotz".
6 Parabola hau eman zioten Jesusek, bainan heiek ez zuten konprenitu zer erran nahi zioten.

7 Orduan, Jesusek erran zioten aitzina : "Egiaz-egiaz diozuet : ni naiz ardientzat atea*. 8 Ni baino lehen etorri guziak ohoinak eta gaixtaginak dira; horrengatik, ardiek ez zieten kasurik egin. 9 Ni naiz atea-, nitarik sartzen dena, salbu izanen da; sartzen eta ateratzen ahalko da, eta bazka aurkituko du. 10 Ohoina ez dator ardietarat ebasteko, hiltzeko eta suntsitzeko baizik. Ni, berriz, bizia — eta bizia gaindika — izan dezaten etorri naiz.
11 "Ni naiz artzain ona*; artzain onak bere bizia emaiten du ardientzat. 12 Mutilak, otsoa etortzen ikusi orduko, ardiak utzi eta ihes egiten du, ez baita artzaina eta ardiak ez baititu bereak. Orduan, otsoak ardiak harrapatu eta barreiatzen ditu. 13 Alabainan, mutilari lan-saria zaio axola, eta ez ardiak.
14 "Ni naiz artzain ona. Neure ardiak ezagutzen ditut*, eta neure ardiek ezagutzen naute, 15 Aitak ni ezagutzen eta nik ere Aita ezagutzen dutan bezala. Neure bizia emaiten dut ardientzat. 16 Baditut artegi huntakoak ez diren beste ardi batzu; heien artzaingoa ere egin behar dut; nere mintzoa entzunen dute eta artalde bakarra izanen dira, artzain bakarrarekin.
17 "Horrengatik maite nau Aitak, nere bizia emaiten baitut eta gero berriz hartzen. 18 Nehork ez daut bizia kentzen, neure nahitarat emaiten dut. Neure esku dut emaitea, eta neure esku berriz hartzea. Hori da nere Aitarenganik ukan dutan manua".
19 Jesusen erran hauengatik, juduak berriz ere zatitu ziren. 20 Ainitzek zioten : "Debrua berekin du eta eroa da. Zertako kasu egiten diozue ?" 21 Beste batzuk, berriz : "Ele horiek ez dira debrudun batenak. Debru batek itsuen begiak idek ote dezazke ?"

22 Negua zen. Jerusalemen tenpluaren sagara-bestak* ospatzen ziren, 23 eta Jesus tenpluko Salomonen aterpean* zabilan. 24 Orduan, juduek inguratu eta erran zioten :
— Noiz arte atxiki behar gaitutzu dilindan ? Mesias bazira, erraguzu argi eta garbi.
25 Jesusek ihardetsi :
— Errana dautzuet, bainan ez duzue sinesten. Neure Aitaren izenean egiten ditudan egintzak lekuko dira nere alde; 26 bainan ez duzue sinesten, nere ardietarik ez zireztelakotz. 27 Nere ardiek nere mintzoa entzuten dute, eta nik ezagutzen ditut; jarraikitzen zaizkit, 28 eta nik betiereko bizia emaiten diotet : ez dira sekula galduko, eta ez dauzkit nehork eskutik kenduko. 29 Eman dauzkitan nere Aita, denak baino gehiago da*, eta nehork ezin du deus kendu nere Aitaren eskutik. 30 Aita eta biak bat gira.
— 31 Juduek berriz harriak hartu zituzten haren harrikatzeko. 32 Jesusek erran zioten :
— Nere Aitaren manuz egintza eder ainitz erakutsi dautzuet-, heietako zoinengatik harrikatu nahi nauzue ?
33 Juduek ihardetsi :
— Ez zaitugu egintza ederrengatik harrikatu nahi, blasfernioagatik baizik, gizona izanki eta zeure burua Jainko egiten duzulakotz.
34 Jesusek ihardetsi zioten :
— Zuen Liburu Sainduetan ez ote da izkiriatua : Nik erran dut : jainkoak zirezte* ? 35, Jainkoak jainko izena emaiten diote bere mezua igorri zioteneri, eta Liburu Sainduek errana ezin suntsitua da. 36 Nolaz diozue, bada, nik, Aitak sagaratu eta mundurat igorri nauenak, blasfemio egiten dutala, "Jainkoaren Seme naiz" erran dutalakotz ? 37 Aitaren egintzak egiten ez baditut, ez nezazuela sinets. 38 Bainan, egiten baditut, sinesten ez banauzue ere, sinets egintzak, behin-betiko jakin dezazuen nik Aitarekin bat egiten dutala eta Aitak nerekin.
39 Arrastatu nahi izan zuten berriz ere, bainan eskuetarik ihes egin zioten.
40 Berriz Jordanez bestalderat Joan zen Jesus, lehenago Joanes bataiatzen ari izan zen lekurat, eta han egon zen. 41 Eta jende ainitz joaiten zitzaion. Erraiten zuten : "Joanesek, egia erran, ez zuen mirakuluzko seinalerik batere egin, bainan huntaz erran zuen guzia egia zen".
42 Eta han ainitzek Jesusen baitan sinetsi zuten.

11

1 Lazaro deitu gizon bat eri zagon. Betaniakoa* zen, Maria eta hunen ahizpa Martaren herrikoa. 2 (Maria han — Lazaro eriaren arreba — Jauna usaingozoz gantzutu eta oinak bere ilez xukatu ziozkana zen). 3 Bi ahizpek Jesusi berria igorri zioten : "Jauna, maite duzuna eri da". 4 Hori jakitearekin, Jesusek erran zuen : "Eritasun horrek ez derama heriotzerat : Jainkoaren aintza erakutsi behar du, bide berez Jainkoaren Semearen aintza ager dadin".
5 Jesusek maite zituen Marta eta hunen ahizpa, bai eta Lazaro. 6 Lazaro eri zela jakin ondoan, Jesus beste bi egun leku berean egon zen. 7 Gero, dizipulueri erran zioten :
— Goazen berriz Judearat.
8 Dizipuluek erran zioten :
— Irakasle jauna, berrikitan juduek harrika hil nahi zintuzten, eta berriz harat Joan nahi duzula ?
9 Jesusek ihardetsi :
— Egunak ez ote ditu hamabi oren ? Egunaz dabilana ez da behaztopatzen, argitan ikusten baitu bidea; 10 gauaz dabilana, behaztopatzen da, argirik ez baitu.
11 Eta erran zuen aitzina :
— Lazaro gure adiskidea lokartu da*; bainan banoako iratzartzera.
12 Dizipuluek erran zioten, orduan :
— Jauna, lokartu bada, salbu da.
13 Jesusek Lazaroren heriotzeaz erran zuen hori, bainan dizipuluek ohiko loaz ari zela uste zuten.
14 Orduan, argi eta garbi erran zioten Jesusek :
— Lazaro hila da, 15 eta bozkariatzen naiz han ez izanik, zuen onerako izanen baita, hola sinets dezazuen. Goazen harenganat.
16 Orduan, Tomasek, Birazkakoa deituak, beste dizipulueri erran zioten : "Goazen, gu ere, hunekin hiltzera".

17 Jesus lekuratu zenean, Lazaro hilobian zen lau egun hartan. 18 Betania Jerusalemetik hurbil da, hiru kilometretan edo; 19 eta judu ainitz etorri zen Maria eta Martarenganat, anaiarengatik doluminen emaitera. 20 Jesus heldu zela entzun orduko, Marta biderat Joan zitzaion; Maria, berriz, etxean egon zen. 21 Martak Jesusi erran zion :
— Jauna, hemen izan bazina, anaia ez zen hilen. 22 Bainan, badakit eskatuko diozun guzia emanen dautzula Jainkoak, oraino ere.
23 Jesusek ihardetsi :
— Piztuko da zure anaia.
24 Eta Martak :
— Badakit, bai, piztuko dela azken egunean, hilen piztean.
25 Jesusek erran zion :
— Ni naiz piztea eta bizia*; nere baitan sinesten duena, hilik ere, biziko da. 26 Eta nere baitan sinetsiz bizi dena, ez da betirako hilen. Sinesten duzu hori ?
27 Martak ihardetsi :
— Bai, Jauna, sinesten dut Mesias zirela, Jainkoaren Semea, mundurat etortzekoa zena.

28 Hortan, Marta bere ahizpa Mariari dei egitera Joan zen, eta erran zion ahapetik : "Irakasle jauna hemen dun eta galdegiten hau".
29 Entzun orduko, Maria jeiki eta Jesusenganat Joan zen. 30 Jesus ez zen oraino herrian sartua, Martak aurkitu zuen lekuan zagon. 31 Orduan, hari doluminen emaiten etxean zauden juduak, Maria laster jeiki eta atera zela ikusirik, jarraiki zitzaizkion, hilobian nigar egitera zoalakoan. 32 Maria, Jesus zagon lekurat heldu zelarik, hura ikustearekin, oinetarat erori zitzaion. Erran zion : "Jauna, hemen izan bazina, anaia ez zen hilen".
33 Maria eta harekin etorri juduak nigarrez ikusi zituenean, Jesusi barnea inarrosi zitzaion eta, durduzaturik, 34 erran zuen :
— Non ezarri duzue ?
lhardetsi zioten :
— Jauna zato ikustera.
35 Jesusek nigar egin zuen. 36 Juduek erran zuten orduan :
— Zein maite zuen !
37 Bainan batzuk erran zuten :
— Itsuaren begiak ideki dituenak ez ote zezakeen Lazaro hiltzetik begira ?

38 Jesus, berriz ere barnea inarrosia, hilobirat Joan zen. Harpe bat zen, harri batez hetsia. 39 Jesusek erran zuen :
— Kenazue harria.
Martak, Lazaro zenaren arrebak, erran zion :
— Jauna, usaindua daiteke, laugarren eguna da.
40 Jesusek ihardetsi zion :
— Ez ote dautzut erran sinesten baduzu Jainkoaren aintza ikusiko duzula ?
41 Kendu zuten, beraz, harria. Jesusek, begiak zerurat altxaturik, erran zuen : "Aita, eskerrak zuri, entzun nauzulakotz. 42 Badakit beti entzuten nauzula; bainan inguruan dutan jendearengatik mintzatu naiz, zuk igorri nauzula sinets dezaten".
43 Hortan, ozenki oihu egin zuen : "Lazaro, zato kanporat !"
44 Atera zen hil izana, oinak eta eskuak oihal-zerrendaz loturik eta aurpegia hil-oihal batez inguraturik. Jesusek jendeeri erran zioten : "Laxa zazue eta utz joaitera".

45 Mariarenganat etorri judu ainitzek, Jesusek egina ikusi zutelarik, haren baitan sinetsi zuten. 46 Bainan, heietarik batzuk, farisauenganat Joan eta Jesusek egin zuena kondatu zieten. 47 Orduan, apezburu eta farisauek Biltzar Nagusia bildu zuten, eta erran :
— Zer egin ? Gizon hori mirakuluzko seinale ainitzen egiten ari da ! 48 Hola uzten badugu, guziek haren baitan sinetsiko dute. Orduan, erromatarrek, etorri eta, xehatuko dituzte bai tenplua, bai herria.
49 Biltzarkide batek, urte hartan apez nagusia zen Kaifasek, erran zioten :
— Deusik ez dakizue. 50 Ez zirezte ohartzen hobe duzuela gizon bakar bat herriarentzat hil dadin, herri osoa suntsitua izan baino ?
51 Kaifasek ez zuen hori bere baitarik erran : urte hartako apez nagusia zelakotz, Jainkoaren izenean mintzatu zen, Jesusek herriarentzat hil behar zuela; 52 eta ez herriarentzat bakarrik, bai eta Jainkoaren haur barreiatuak elkarretarat biltzeko ere.
53 Egun hortan hartu zuten, beraz, Jesusen hiltzeko erabakia;
54 hargatik, Jesus ez zen agerian ibiltzen juduen artean; basamortu ondoko bazter baterat urrundu zen, Efraim* deitu herrirat, eta han egon zen bere dizipuluekin.
55 Hurbil zen Bazko, juduen besta nagusia, eta herrietako jende ainitz Jerusalemerat igan zen Bazko aitzin, beren buruen garbiketaren egitera. 56 Jesus bilatzen zuten eta, tenpluan zaudela, elkarri ari ziren : "Zer iduritzen zaitzue ? Ez ote da bestarat etorriko ?"
57 Apezburu eta farisauek manuak emanak zituzten, Jesus non zen zakienak sala zezan, arrasta zezaten.

12

1 Sei egun Bazko aitzin, Jesus Betaniarat Joan zen, han bizi baitzen Lazaro, hiletarik piztu zuena. 2 Apairu bat eskaini zioten han; Marta zerbitzari zen, eta Lazaro Jesusekin mahaian zaudenetarik. 3 Orduan, Mariak nardo* garbizko kilo erdi bat usaingozo, balio handikoa, harturik, oinak gantzutu ziozkan Jesusi, eta gero bere ilez xukatu. Etxeà usain gozoz bete zen. 4 Judas Iskariotek, salduko zuen dizipuluak, erran zuen : 5 "Zergatik ez da usaingozo hori hiru ehun denariotan saldu*, eta saria behartsueri eman ?"
6 Hori erran zuen, ez behartsuez axola zuelakotz, ohoina zelakotz baizik, eta, moltsa haren gain izanez, hartan ezarriak ebasten baitzituen. 7 Jesusek erran zion : "Utzazu; nere ehorzketarako egin du hori. 8 Behartsuak beti zuekin ditutzue, bainan ni ez nauzue betirako".

9 Judu ainitzek jakin zuten Jesus Betanian zela, eta harat Joan ziren, ez Jesusengatik bakarrik, bai eta hiletarik piztu zuen Lazaro ikusteagatik ere. 10 Apezburuek, orduan, Lazaro ere hiltzea erabaki zuten, 11 harengatik herritar ainitzek uzten baitzituzten Jesusen baitan sinesteko.

12 Biharamunean, bestarat etorria zen jendalde handiak jakin zuen Jesus Jerusalemerat heldu zela. 13 Palmondo adarrak harturik, biderat atera zitzaizkion, eta oihuka hasi : "Hozanna ! Benedikatua Jaunaren izenean datorrena !* Benedikatua Israelen erregea ! "
14 Eta asto ttipi bat aurkiturik, Jesus gainean jarri zen, Liburu Sainduak dion bezala :
15 Ez beldur izan, Sion hiri eder ! Huna heldu zure erregea, astokume baten gainean jarria*.
16 Dizipuluek ez zuten orduan gertakari hori konprenitu, bainan gero, Jesusen Jainko-aintza agertu zenean, orroitu ziren Liburu Sainduak zion hura bera egin zitzaiola Jesusi.
17 Jesusek Lazaro hilobitik deitu eta hiletarik pieu zuelarik, han zen jendeak gertatu zenaren berri emaiten zuen. 18 Horrengatik etorri zitzaion biderat hainbeste jende Jesusi : egin zuen mirakuluzko seinalearen berri jakin zuelakotz. 19 Orduan, farisauek beren artean egin zuten : "Ikusten duzue deusik ez dugula aitzinatzen, beha nola doakion jende guzia ondotik".

20 Bestaz Jainkoaren adoratzera etorri zirenen artean greziar batzu* baziren. 21 Galilea Betsaidako Filiperi hurbildu eta galde hau egin zioten : "Jauna, Jesus ikusi nahi ginuke".
22 Andreri erraitera Joan zitzaion, eta biek Jesus mintzatu zuten. 23 Jesusek ihardetsi zioten : "Etorria da Gizonaren Semearen aintza agertuko den ordua. 24 Egiaz-egiaz diozuet : ogi-bihia, lurrerat erori eta hiltzen'ez bada, bakarrik egoiten da; hiltzen bada, ordea, fruitu ainitz emaiten du. 25 bizia maite duenak galduko du; bainan mundu huntan bere biziari atxikia ez denak betiko bizirako begiratuko du. 26 Nere zerbitzaria izan nahi duena jarraik bekit eta, ni non naizen, han izarien da nere zerbitzaria ere. Nere zerbitzari dena, Aitak ohoratuko du.

27 "Durduzatua dut orai barnea. Bainan zer erran ? Sofri ordu huntarik ateratzeko eskatuko ote diot Aitari ? Ez, hain zuzen ordu huntarako etorria bainaiz ! 28 Aita, ager zazu zure aintza !"
Mintzo bat izan zen orduan zerutik : "Nere aintza agertu dut, eta berriz ere agertuko".
29 Han zauden jendeek, rnintzoa entzunik, ortzantza izan zela zioten; beste batzuk, berriz, aingeru bat mintzatu zitzaiola.
30 Jesusek erran zioten : "Mintzo hori ez zen neretzat, zuentzat bai. 31 Orai jujatua izanen da mundu hau, orai kanporat botatua mundu hunen buruzagia. 32 Eta nik, lurretik altxatuko nautenean, denak nereganat erakarriko ditut".
33 Hitz hauen bidez, nolako heriotzez hilen zen adiarazi zuen.
34 Jendeak erran zion :
— Mesiasek sekulako iraunen duela ikasi dugu Liburu Sainduetarik. Nolaz diozu, bada, Gizonaren Semea lurretik altxatu behar dutela ? Nor da Gizonaren Seme hori ?
35 Jesusek ihardetsi :
— Oraino apur batez argia zuen artean duzue; ibil argia duzueno, ilunpeak harrapa ez zaitzaten, ilunpean dabilanak ez baitaki norat doan. 36 duzueno, sinetsazue argiaren baitan, argitakoak izan zaitezten.
Hola mintzatu ondoan, Jesus urrundu eta gorde zitzaioten.

37 Jesusek herriaren aitzinean hainbeste mirakuluzko seinale eginik ere, ez zuten haren baitan sinetsi; 38 hola bete zen Isaias profetak errana.
Jauna, nork sinetsi du gure mezua ? Eta nori agertu dio Jaunak bere ahala ?*
39 Isaiasek berak erran men zergatik ez zuten sinesten ahal :
40 Itsutu ditu heien begiak, gogortu heien bihotza, ez dezaten beren begiez ikus, ez eta bihotzez konpreni, nereganat itzul ez daitezen, nik sendatuko bainituen*.
41 Isaiasek Jesusez erran zuen hori, ikusia baitzuen haren Jainkoaintza.
42 Halere, buruzagietarik ainitzek sinetsi zuten haren baitan; bainan, farisauen beldurrez, ez zuten agerian aitortzen, sinagogatik kanpo ezar ez zitzaten; 43 giza ohorea maiteago zuten Jainkoarenganik datorrena baino.
44 Jesusek oihu eginez erran zuen : "Nere baitan sinesten duenak, ez du sinesten nere baitan, baizik ni igorri nauenaren baitan. 45 Eta ni ikusten nauenak, ni igorri nauena ere ikusten du. 46 Ni argia bezala etorri naiz mundurat, nere baitan sinesten duenik nehor ilunpean egon ez dadin. 47 Nik erranak entzun eta begiratzen ez dituena, ez dut nik kondenatzen, ez bainaiz munduaren kondenatzera etorria, munduaren salbatzera bai. 48 Ni ukatu eta nik erranak onartzen ez dituenak, kondenatzailea badu : nik adiarazi mezuak berak kondenatuko du azken egunean, 49 ez bainaiz neure burutarik mintzatu, igorri nauen Aitak manatu daut zer erran eta irakats. 50 Eta badakit Aitak manatuak betiko bizia dakarrela. Erraiten dutana, Aitak manatu bezala erraiten dut".

13

1 Bazko-besta hurbil zen. Jesusek bazakien mundu huntarik Aitarenganat joaiteko ordua etorria zuela. Munduan ziren bereak beti maite izan zituelarik, azken bururaino maitatu zituen.
2-3 Debruak Simonen seme Judas lskarioti buruan sartua zion Jesusen saltzeko asmoa. Jesusek bazakien Aitak dena eskuetan ezarria ziola, eta Jainkoarenganik etorria zela eta Jainkoarenganat zoala. Afaltzen ari zela, 4 mahaitik jeiki, soingainekoa erantzi eta, oihal bat harturik, gerrian lotu zuen. 5 Gero, ura untzi baterat ixuri eta dizipulueri oinen ikuzten hasi zen, eta gerrian zuen oihalaz xukatzen.
6 Petrirenganat heldu zenean, hunek erran zion :
— Jauna, zuk neri oinak ikuz ?
7 Jesusek ihardetsi :
— Zer ari naizen ez dakizu orai, bainan gero jakinen duzu.
8 Petrik, berriz :
— Zuk ez dautazu sekula oinik ikuziko.
Jesusek ihardetsi :
— Ikuzten ez bazaitut, ez duzu nerekilakorik izanen.
9 Simon Petrik erran zion :
— Jauna, orduan, ez oinak bakarrik, eskuak eta burua ere.
10 Jesusek ihardetsi :
— Mainatu denak ez du ikuzte beharrik*, osoki garbi baita, eta zuek garbi zirezte, bainan ez denak.
11 Alabainan, bazakien zoinek salduko zuen; horrengatik erran zuen : "Ez zirezte denak garbi".
12 Heieri oinak ikuzi ondoan, mahaian jarri eta erran zioten : "Konprenitzen duzue zer egin dautzuetan ? 13 Irakaslea eta Jauna deitzen nauzue, eta arrazoin duzue, hala bainaiz. 14 Beraz, nik, Jauna eta Irakaslea naizenak, oinak ikuzi badauzkitzuet, zuek ere ikuzi behar ditutzue oinak elkarri. 15 Etsenplua eman dautzuet, nik zueri bezala zuek ere egin dezazuen.
16 "Egiaz-egiaz diozuet : Mutila ez da nagusia baino gehiago, ez eta igorria igortzailea baino gehiago. 17 Hori jakinik, zoriontsuak izanen zirezte, hola egiten baduzue.
18 "Ez naiz zuetaz guzietaz ari; hautatu ditudanak ezagutzen ditut, bainan bete beharra da Liburu Sainduak diona : neure mahaikide nuena kontra altxatu zait*. 19 Oraitik, gertatu baino lehen erraiten dautzuet, gertatuko denean, naizena naizela* sinets dezazuen. 20 Egiaz-egiaz diozuet : Nik igorria onartzen duenak, ni onartzen nau, eta ni onartzen nauenak, igorri nauena onartzen du".

21 Hola mintzatu eta durduzatu zen Jesus, eta argi adiarazi zioten : "Egiaz-egiaz diozuet : zuetarik batek salduko nau".
22 Dizipuluak elkarri behaka hasi ziren, zeinetaz ari ote zen. 23 Dizipuluetarik bat, Jesusek maite zuena, haren ondoan zen mahaian*. 24 Simon Petrik keinu egin zion, nortaz mintzo zen galdegin zezon. 25 Eta harek, burua Jesusen bular gainean ezarriz, galdegin zion :
— Jauna, nor da ?
26 Jesusek ihardetsi :
— Ahamen bat busti eta emanen diotana, hura da.
Eta ahamen bat bustirik, Simonen seme Judas lskarioti eman zion.
27 Ahamena hartu bezain laster, Satan haren baitan sartu zen. Orduan, Jesusek erran zion : "Egin behar duzuna, egizu lehenbailehen".
28 Mahaikideetarik nehork ez zuen konprenitu zergatik erran zion hori. 29 Moltsa Judasen esku baitzen, bestako behar zena erosteko edo behartsueri zerbait emaiteko erran ziola uste izan zuten zenbaitek. 30 Ahamena hartu eta berehala atera zen Judas. Gaua zen.

31 Judas atera zenean, Jesusek erran zioten : "Orai berean agertzen da Gizonaren Semearen aintza, eta haren bidez Jainkoarena. 32 Jainkoaren aintza haren bidez agertzen bada, Jainkoak ere bere aintzaz beteko du hura, eta berehala.
33 "Haurtxoak, oraino apur bat baizik ez dut zuekin egoiteko. Nere bila ibiliko zirezte, bainan judueri erran niotena bera diozuet zueri ere : ni noan tokirat zuek ezin zirezte Joan. 34 Manamendu berri bat emaiten dautzuet : elkar maita zazue. Nik maitatu zaituztedan bezala, elkar maita zazue. 35 Elkar maite baduzue, hortarik ezagutuko dute guziek nere dizipulu zireztela".

36 Simon Petrik Jesusi galdatu zion :
— Jauna, norat zoazi ?
Jesusek ihardetsi :
— Ni noan tokirat ez zira orai neri jarraikitzen ahal; geroago bai, jarraikiko zitzaizkit.
37 Petrik berriz :
— Jauna, zergatik ez naiz zuri jarraikitzen ahal orai ? Nere bizia emanen dut zuretzat.
38 Jesusek ihardetsi zion :
— Neretzat zeure bizia emanen duzula ? Egiaz-egiaz diozut : Oilarrak kantu egin aitzin, hiruetan ukatuko nauzu.

14

1 "Ez zaiteztela durduza : sinets Jainkoaren baitan eta sinets nere baitan ere. 2 Nere Aitaren etxean egoitza frango bada; hola izan ez balitz, erranen naukezuen. Orai, zuentzat tokiaren prestatzera noa*. 3 Joan eta tokia prestatu ondoan berriz etorriko naiz eta nihaurekin hartuko zaituztel, ni naizen lekuan zuek ere han izan zaitezten. 4 Eta ni noan lekurateko bidea badakizue".
5 Tomasek erran zion :
— Jauna, ez dakigu norat zoazin; nola jakin bidea ?
6 Jesusek ihardetsi :
— Ni naiz bidea, egia eta bizia*. Ezin da nehor Aitarenganat Joan nere bidez baizik. 7 Ezagutzen baninduzue, Aita ere ezagutuko zinukete. Oraidanik ezagutzen duzue, eta ikusia duzue.
8 Filipek erran zion :
— Jauna, erakutsaguzu Aita, eta aski zaiku.
9 Jesusek ihardetsi :
— Hainbeste denbora zuekin naizela, Filipe, eta ez nauzu ezagutzen ? Ni ikusia nauenak, Aita ikusia du. Nolaz diozu : "Erakutsaguzu Aita ?" 10 Ez ote duzu sinesten nik Aitarekin bat egiten dutala eta Aitak nerekin ? Irakatsi dautzuetana ez dautzuet nere burutarik irakatsi. Nere baitan bizi den Aita da bere salbamen-egintzan ari dena. 11 Sinets nezazue : nik Aitarekin bat egiten dut eta Aitak nerekin. Edo bederen, sinets nezazue salbamenegintza horiengatik. 12 Egiaz-egiaz diozuet : Nere baitan sinesten duenak, nik egiten ditudan egintzak eginen ditu, eta handiagoak ere, ni Aitarenganat bainoa. 13 izenean eskatuko duzuen guzia eginen dut, Aitaren aintza Semearen bidez ager dadin. 14 Nere izenean eskatuko duzuena eginen dut.

15 "Maite banauzue, nere manamenduak begiratuko ditutzue. 16 Nik Aita otoiztuko dut eta beste Laguntzaile* bat emanen dautzue, betiko zuekin izanen dena, 17 egiaren Izpiritua. Mundutarrek ezin diote ongi etorri egin, ez baitute ikusten, ez ezagutzen; bainan zuek ezagutzen duzue, zuen baitan bizi baita eta zuekin egonen.
18 "Ez zaituztet umezurtz utziko, berriz etorriko nitzaizue. 19 Laster munduak ez nau gehiago ikusiko; zuek, ordea, ikusiko nauzue, nik bizia baitut eta zuek ere biziko baitzirezte. 20 Egun hartan konprenituko duzue nik Aitarekin bat egiten dutala, zuek nerekin eta nik zuekin. 21 Nere manamenduak onartu eta begiratzen dituenak, harek nau maite. Ni maite nauena nere Aitak maitatuko du, eta nik ere maitatuko dut eta agertuko nitzaio".
22 Judasek (ez Judas Iskariotek, besteak) erran zion :
— Jauna, zergatik agertuko zitzaizkigu guri eta ez munduari ?
23 Jesusek ihardetsi :
— Maite nauenak nere mezua begiratuko du; nere Aitak maitatuko du, Aita eta biak etorriko gitzaizkio, eta haren baitan biziko gira. 24 Maite ez nauenak, ordea, nere mezua ez du begiratzen. Entzuten dautazuen mezua ez da nerea, igoni nauen Aitarena da.
25 "Zuekin naizen artean erran dautzuet hori guzia. 26 Bainan Aitak Laguntzailea, Izpiritu Saindua, igorriko dautzue nere izenean, eta harek dena irakatsiko dautzue eta nik erran guzia orroitaraziko.

27 "Bakea uzten dautzuet, nere bakea emaiten; ez dautzuet munduak bezala emaiten. Ez durduza, ez beldur izan. 28 Entzun duzue erran dautzuetana : "Banoa, bainan berriz etorriko nitzaizue". Maite baninduzue, bozkariatuko zinezkete Aitarenganat noalakotz, Aita ni baino gehiago baita. 29 Eta orai erran dautzuet, gertatu aitzin, gertatuko denean sinets dezazuen. 30 Hemendik harat zuekin ez naiz luzaz mintzatuko, heldu baita mundu huntako buruzagia. Ahalik ez du nere kontra; 31 bainan munduak jakin behar du nik Aita maite dutala eta harek manatu bezala egiten dutala. Jeiki, goazen hemendik !

15

1 "Ni naiz egiazko ma-hatsondoa*, eta nere Aita da laboraria. 2 Nitan fruiturik emaiten ez duen adarra kentzen du Aitak, eta fruitua emaiten duena garbitzen, fruitu gehiago eman dezan. 3 Zuek garbi zirezte jadanik, adiarazi dautzuetan mezuari esker. 4 Nerekin bat egizue, nik zuekin bezala. Adarrak, mahatsondoarekin bat egiten ez badu, fruiturik eman ez dezakeen bezala, zuek ere berdin, nerekin bat egiten ez baduzue.
— 5 "Ni naiz mahatsondoa, eta zuek adarrak. Nerekin bat egiten duenak, nik harekin bezala, fruitu ainitz emanen du; ni gabe ez baitezakezue deusik egin. 6 Nerekin bat egiten ez duena kanporat botatzen dute aihena bezala eta eihartzen da; gero, bildu, surat bota eta erretzen dute. 7 Nerekin bat egiten baduzue, eta nere mezuak zuen baitan irauten badu, eska nahi duzuena eta ukanen duzue. 8 Huntan agertzen da nere Aitaren aintza : zuek, nere dizipulu zireztenek, fruitu ainitz emaitean. 9 Aitak maite nauen bezala, nik ere maite zaituztet; iraun zazue nere maitasunean. 10 manamenduak begiratzen baditutzue, nere maitasunean iraunen duzue, nik nere Aitaren manamenduak begiratuz haren maitasunean irauten dutan bezala. 11 Hau guzia erran dautzuet nere bozkarioa zuen baitan izan dezazuen, eta bozkario hori betebetea izan dadin.

12 "Hau da nere manamendua : elkar maita zazue nik maitatu zaituztedan bezala. 13 Nehork ez du maitasun handiagorik bizia bere adiskideentzat emaiten duenak baino. 14 Nere adiskideak zirezte manatzen dautzuetana egiten baduzue. 15 Ez zaituztet gehiago mutil deitzen, mutilak ez baitaki nagusiak zer egiten duen-, adiskide deitzen zaituztet, neure Aitari entzun diotan guzia jakinarazi baitautzuet. 16 Ez nauzue zuek ni hautatu, nik zaituztet zuek hautatu. Eta hau zuen gain ezarri dut : Joan zaitezten eta fruitua, fruitu iraunkorra, eman dezazuen. Orduan, nere izenean Aitari eskatuko diozuen guzia emanen dautzue. 17 Hau manatzen dautzuet : elkar maita zazue.

18 Munduak* hastio bazaituzte, jakizue zuek baino lehen hastiatu nauela. 19 Mundukoak bazinete, munduak maite zintuzkete, bereak bezala; bainan ez zirezte mundukoak : nik hautatu eta mundutik berexi zaituztet, horra zertako munduak hastio zaituzten. 20 Orroit erran nautzuenaz : mutila ez da nagusia baino gehiago. Ni pertsegitu banaute, zuek ere pertsegituko zaituztete; nere mezua nola begiratu, hala begiratuko dute zuena ere. 21 Neregatik erabiliko zaituztete hola, igorri nauena ezagutzen ez dutelakotz.
22 "Etorri ez banintz eta mintzatu ez banintzaiote, bekaturik ez lukete; orai, ordea, estakururik ez dute beren bekatuarentzat. 23 Hastio nauenak, nere Aita ere hastio du. 24 Beste nehork ez bezalako egintzak egin ez banitu heien artean, bekaturik ez lukete; bainan orai ikusi dituzte, eta halere ni eta Aita, biak hastio gaituzte. 25 Hola bete da heien Liburu Sainduetan izkiriatua : Arrazoinik gabe hastiatu naute*.

26 "Laguntzailea, Aitarenganik den egiaren Izpiritua, igorriko dautzuet Aitaren ondotik. Etorriko denean, harek lekukotasun emanen du nere alde. 27 Eta zuek ere lekukotasun emanen dautazue, hastetik nerekin baitzirezte.

16

1 "Hau guzia, zuen fedeak huts egin ez dezan* erran dautzuet. 2 Sinagogetarik kanpo ezarriko zaituztete; are gehiago, badator ordua, zuek hilen zaituztenak Jainkoa zerbitzatzen duela usteko baitu. 3 Eta hola ariko dira ez Aita, ez ni, ezagutu ez gaituztelakotz. 4 Aitzinetik erraiten dautzuet hori, heien ordua etorriko denean orroit zaitezten erran nautzuela.

"Ez dautzuet hori hastetik erran, zuekin bainintzan. 5 Orai, ordea, igorri nauenarenganat noa, eta zuetarik nehork ez daut norat noan galdatzen. 6 Bainan erran dautzuetanagatik, atsekabez bete zaitzue bihotza; 7 halere, egia diozuet : hobe duzue Joan nadin; zeren, joaiten ez banaiz, Laguntzailea ez zaitzue etorriko; joaiten banaiz, ordea, igorriko dautzuet. 8 Etorriko denean, bekatua, zuzentasuna eta jujamendua zer nolakoak diren erakutsiko dio munduari. 9 Bekatua human dago : nere baitan ez dutela sinesten; 10 zuzentasuna huntan : Aitarenganat noala, eta ez nauzuela ikusiko; 11 jujamendua, berriz, huntan : mundu hunen buruzagia jadanik jujatua dela.
12 "Banuke oraino ainitz gauza erraiteko, bainan ez duzue jasaiten ahal orai. 13 Aldiz, egiaren Izpiritua etorriko denean, egia osorat gidatuko zaituzte. Ez da bere burutarik mintzatuko, entzunen duen guzia erranen du eta gertatu beharra mezutuko dautzue. 14 Nere Jainko-aintza agertuko du, mezutuko dautzuena nereganik ukanen baitu. 15 Aitak duen guzia nerea da. Horrengatik erran dautzuet Izpirituak nereganik ukanen duena mezutuko dautzuela.

16 "Guti barne ez nauzue gehiago ikusiko, bainan handik laster, berriz ikusiko nauzue".
17 Orduan, dizipuluetarik batzuk beren artean egin zuten : "Zer ote da erraiten daukun hau : "Guti barne ez nauzue gehiago ikusiko, bainan handik laster, berriz ikusiko nauzue" eta "Aitarenganat noa" ? 18 Zer da "guti barne" hori ? Ez dakigu zertaz mintzo den".
19 Jesus ohartu zen zerbait galdatu nahi ziotela, eta erran zioten : "Eztabadan ari zirezte zuen artean nere hitzaz : "Guti barne ez nauzue gehiago ikusiko, bainan handik laster, berriz ikusiko nauzue". 20 Egiaz-egiaz diozuet : nigar eta deitore eginen duzue; mundua, ordea, bozkariatuko da. Zuek atsekabean izanen zirezte, bainan zuen atsekabea bozkario bilakatuko da. 21 Emaztea, haur-ukaiten duelarik, atsekabean da, ordua etorri zaiolakotz; haurra sortu ondoan, ordea, ahanzten du nahigabea, gizaki bat munduratu delako bozkarioan. 22 Zuek ere atsekabean zirezte orai, bainan berriz ikusiko zaituztet, eta bozkariatuko zirezte, eta zuen bozkarioa nehork ez dautzue kenduko.
23 "Egun hartan ez dautazue deus galdatuko. Egiaz-egiaz diozuet : nere izenean Aitari eskatuko diozuen guzia emanen dautzue. 24 Orainokoan ez duzue deusik eskatu nere izenean. Eska eta ukanen duzue, zuen bozkarioa betebetea izan dadin.

25 "Orai arte parabolaka mintzatu nitzaizue; bainan badator ordua parabolaka mintzatuko ez nitzaizuena, Aitaren berri argi eta garbi emanen baitautzuet. 26 Orduan, nere izenean eskatuko duzue, eta ez dut nik zuen alde Aitaren otoizte beharrik izanen, 27 zeren Aitak berak maite baitzaituzte, ni maitatu nauzuelakotz eta Jainkoarenganik etorri naizela sinetsi duzuelakotz. 28 Aitarenganik mundurat etorri nintzen; orai mundua utzi eta berriz Aitarenganat noa".
29 Dizipuluek erran zioten :
— Orai bai mintzo zirela argi eta garbi, eta ez parabolaka. 30 Badakigu orai denak badazkitzula eta ez duzula nork zer galda egoite beharrik; hortako sinesten dugu Jainkoarenganik etorri zirela.
31 Jesusek ihardetsi zioten :
— Orai sinesten duzue ? 32 Hara, badator ordua — hobeki erran, etorria da —, barreiatuak izanen baitzirezte, bakotxa bere alde eta bakarrik utziko bainauzue. Bainan ni ez naiz bakarrik, Aita nerekin baitago. 33 Hau guzia erran dautzuet, nerekin bat eginik bakea izan dezazuen. Munduan izanen duzue atsekabe; bainan gora bihotzak ! Mundua garaitua dut.

17

1 Hola mintzatu zen Jesus, eta begiak zerurat altxaturik erran zuen : "Aita, etorri da ordua. Ager zazu zure Semearen aintza, Semeak zure aintza ager dezan. 2 Gizaki guziak haren esku ezarri ditutzu, zuk eman diozkatzun guzieri betiereko bizia eman diezoten. 3 Eta betiereko bizia huntan da : ezagut* zaitzaten zu, egiazko Jainko bakarra, eta zuk igorri duzun Jesus Mesias.
4 "Zure aintza agertu dut munduan, eman zinautan egitekoa betez. 5 Orai, Aita, zure ondoan emadazu mundua izan aitzin zure ondoan nuen aintza. 6 Mundutik berexi eta eman dauzkidazun gizakieri ezagutarazi zaitut. Zureak ziren, neri eman dauzkidatzu, eta zure mezua begiratu dute. 7 Badakite orai zuk eman dautazun guzia zureganik datorrela. 8 Neri eman dauzkidatzun irakaspenak eman diozkatet, eta onartu dituzte. Egiaz badakite zureganik etorri naizela, eta sinetsi ere zuk igorri nauzula.
9 "Hauen alde otoitz egiten dut; ez dut munduaren alde otoitz egiten, zuk eman dauzkidatzunen alde baizik, zureak direlakotz; 10 dutan guzia zurea da eta duzun guzia nerea; eta hauen baitan agertu da nere aintza.
11 "Ez naiz gehiago munduan egonen; hauek, ordea, bai, munduan egonen dira. Ni zureganat noa. Aita guziz saindua, begira, zure ahalaz, eman dauzkidatzunak, bat izan daitezen gu bat giren bezala. 12 Hauekin nintzeno, begiratu ditut eman dauzkidatzunak. Zaindu ditut eta hauetarik bat ere ez da galdu, galdu beharra zena* baizik; hola, Liburu Sainduek diotena bete da. 13 Orai, ordea, zureganat noa. Hau guzia, oraino munduan nagola erraiten dut, nere bozkarioa beren baitan izan dezaten, bozkario betea.
14 "Zure mezua adiarazi diotet ; bainan munduak hastiatu ditu, mundukoak ez direlakotz, ni ere mundukoa ez naizen bezala. 15 Ez zaitut otoizten mundutik atera ditzazun, baizik Gaixtoarenganik* begira. 16 Ez dira mundukoak, ni ere mundukoa ez naizen bezala. 17 Har itzazu zuretzat* egiaren bidez : zure mezua egia da. 18 Mundurat igortzen ditut, zuk mundurat igorri nauzun bezala. 19 Eta hauentzat emaiten dautzut osoki nere burua, hauek ere, egiaren bidez, zuretzat har ditzazun.
20 "Ez zaitut otoizten hauen alde bakarrik, bai eta hauen hitzaren bidez nere baitan sinetsiko dutenen alde ere. 21 Egizu guziak bat izan daitezen, Aita, zuk nerekin eta nik zurekin bat egiten dugun bezala, hauek ere bat egin dezaten gurekin. Hola, munduak sinetsiko du zuk igorri nauzula. 22 Zuk eman dautazun aintza bera eman diotet nik, bat izan daitezen, gu biak bat giren bezala : 23 ni hauekin bat eta zu nerekin bat. Hola, osoki bat izanen dira, eta munduak jakinen du zuk igorri nauzula eta ni maitatu nauzun bezala maitatu ditutzula hauek ere. 24 Aita, zuk eman dauzkidatzunak ni naizen lekuan nerekin izan daitezen nahi dut, nere aintza, mundua egin aitzin maitatu nauzulakotz eman dautazun aintza, ikus dezaten.
25 "Aita zuzena, munduak ez zaitu ezagutu; nik, ordea, ezagutu zaitut, eta hauek jakin dute zuk igorri nauzula. 26 Nor ziren jakinarazi diotet, eta oraino jakinaraziko ere, zuk nere alderat duzun maitasuna hauen baitan izan dadin, eta nihaur ere hauen baitan izan nadin".

18

1 Hola mintzatu ondoan, Jesus bere dizipuluekin Zedron erreka* iragan eta bestaldeko baratze batean sartu zen. 2 Judasek ere, Jesus salduko zuenak, lekua ezagutzen zuen, ainitzetan Jesus harat bildu izan baitzen bere dizipuluekin. 3 Judas, beraz, harat Joan zen tenpluko soldaduandana* bat eta apezburu eta farisauen goardia batzu harturik, zuzi, argiuntzi eta harmekin. 4 Jesusek, baitzakien gertatuko zitzaion guzia, biderat atera eta erran zioten :
— Nor bilatzen duzue ?
5 Heiek ihardetsi :
— Jesus Nazaretarra.
Harek, orduan :
— Ni naiz.
Judas saltzailea ere heien artean zen. 6 Jesusek "Ni naiz" erran ziotenean, gibelka Joan eta erori ziren. 7 Berriz galdegin zioten Jesusek :
— Nor bilatzen duzue ?
Heiek ihardetsi :
— Jesus Nazaretarra.
8 Jesusek :
— Errana dautzuet ni naizela; ni bilatzen banauzue, utz hauek joaitera.
9 Hola bete zen Jesusek berak errana : "Zuk neri emanetarik bat ez dut galdu".
10 Orduan, Simon Petrik, aldean zuen ezpata atera, apez nagusiaren mutila jo eta eskuineko beharria moztu zion. Mutilak Malko zuen izena. 11 Bainan Jesusek Petriri erran zion : "Emazu ezpata bere untzian. Ez ote dut edan behar Aitak eman dautan edari samina* ?"

12 Orduan, soldaduek beren buruzagiarekin eta juduen goardiek Jesus hartu eta estekatu zuten. 13 Anasen etxerat ereman zuten lehenik. Anas*, urte hartako apez nagusi Kaifasen aitaginarreba zen. 14 (Kaifas zen judueri kontseilu hau eman ziotena : "Hobe da gizon bakar bat herriarentzat hil dadin").

15 Simon Petri eta beste dizipulu bat* Jesusi jarraiki zitzaizkion. Dizipulu hura apez nagusiaren ezaguna baitzen, Jesusekin batean apez nagusiaren jauregian sartu zen, 16 Petri, ordea, kanpoan gelditu, ate ondoan. Atera zen, orduan, beste dizipulua, apez nagusiaren ezagun hura eta, neskato atezainari nrintzaturik, Petri sarrarazi zuen. 17 Neskato atezainak Petriri erran zion :
— Ez ote haiz hi ere gizon horren dizipuluetarik ?
Petrik ihardetsi :
— Ez, ez naun hala.
18 Mutilak eta goardiak, sua eginik, berotzen ari ziren, hotz baitzen. Petri ere heiekin zagon berotzen.

19 Apez nagusiak Jesus galdekatu zuen bere dizipuluez eta bere irakaspenaz. 20 Jesusek ihardetsi zion :
— Agerian mintzatu nitzaio munduari; sinagogetan eta tenpluan irakatsi izan dut beti, judu guziak biltzen diren lekuan, eta deusik ez dut gordean erran. 21 Zergatik ari zira galdeka neri ? Galda nere entzuleeri; heiek badakite zer erran dutan.
22 Hori erran zueneko, han zagon goardia batek mazelako bat eman zion Jesusi, erranez :
— Hola ihardesten diok apez nagusiari ?
23 Jesusek ihardetsi :
— Gaizki mintzatu banaiz, errazu zertan, bainan ongi mintzatu banaiz, zergatik jotzen nauzu ?
24 Anasek, orduan, Kaifas apez nagusiari Jesus estekaturik igorri zion.

25 Anartean, Simon Petri han zagon berotzen, eta galdatu zioten :
— Ez ote haiz hi ere horren dizipuluetarik ?
Harek ukatu zuen, erranez :
— Ez, ez naiz hala.
26 Apez nagusiaren mutiletarik batek, Petrik beharria moztu zionaren ahaide batek, erran zion :
— Ez ote haut baratzean ikusi horrekin ?
27 Bainan Petrik ukatu zuen berriz, eta berehala oilarrak kantu egin zuen.

28 Kaifasenetik gobernariaren jauregirat* ereman zuten Jesus.
Goizaldea zen. Judu-buruzagiak ez ziren jauregian sartu, beren burua ez lohitzeagatik, bestenaz Bazko-apairua ez baitzezaketen jan. 29 Pilatok kanporat atera eta galdatu zioten :
— Zertaz salatzen duzue gizon hau ?
30 Heiek ihardetsi :
— Gaizkilea ez balitz, ez ginautzun ekarriko.
31 Pilatok erran zioten :
— Eremazue zihaurek eta juja zuen legearen arabera.
Juduek ihardetsi :
— Guk ez dugu nehoren hiltzera kondenatzeko eskurik*.
32 Hola beteko zen Jesusek errana, zoin heriotzez hilen zen adiarazi zuenean.
33 Pilato barnerat sartu zen berriz eta, Jesus deiturik, galdegin zion :
— Zu zira juduen erregea ?
34 Eta Jesusek :
— Zure baitarik erraiten duzu hori ala beste norbaitek erran dantzu nitaz ?
35 Pilatok ihardetsi zion :
— Judua ote naiz ni ? Zure herrikoek eta apezburuek nere eskuetan ezarri zaituzte. Zer egin duzu ?
36 Jesusek ihardetsi :
— Nere erregetza ez da mundu huntakoa. Nere erregetza mundu huntakoa balitz, nere aldekoek borroka eginen zuten juduen eskuetarat eror ez nindadin; nere erregetza, ordea, ez da hemengoa.
37 Orduan, Pilatok erran zion :
— Beraz, errege zira ?
Jesusek ihardetsi :
— Zuk erraiten duzu errege naizela. Ni sortu eta mundurat etorri naiz egiaren lekuko izan nadin. Egiarena denak nere mintzoa entzuten du.
38 Pilatok erran zion :
— Zer da egia ?

Hori erranik, Pilatok berriz atera eta judueri erran zioten :
— Nik ez dut gizon hunen kondenatzeko batere arrazoinik aurkitzen. 39 Bainan zuen ohidura da Bazkokari norbait libra dezautzuetan. Nahi duzue juduen erregea libratzea ?
40 Bainan oihuka hasi ziren :
— Hori ez ! Barrabas bai !
Barrabas gaixtagin* bat zen.

19

1 Pilatok, orduan, Jesus hartu eta azotarazi zuen. 2 Soldaduek, elorri bihurtuzko korona bat eginik, buruan ezarri zioten eta purpurazko soineko batez jantzi. 3 Eta hurbilduz, erraiten zioten : "Agur, juduen errege !" Eta mazelakoka zerabilaten.
4 Atera zen berriz ere Pilato eta erran zioten :
— Horra, kanporat ekarri dautzuet, jakin dezazuen gizon hunen
kondenatzeko arrazoinik ez dutala aurkitzen.
5 Orduan, Jesus kanporat atera zen elorrizko korona eta purpurazko jantziarekin. Pilatok erran zioten :
— Horra gizona !
6 Ikusi zutenean, apezburuak eta goardiak oihuka hasi ziren :
_Gurutzerat, gurutzerat hori !
Pilatok erran zioten :
— Eremazue zihaurek eta gurutzitza; nik ez dut gizon hunen kondenatzeko arrazoinik aurkitzen.
7 Juduek ihardetsi zioten :
— Lege bat badugu, eta lege horren arabera hiltzea merezi du, Jainkoaren seme egin baitu bere burua.
8 Ele horiek entzutearekin, are gehiago izitu zen Pilato. 9 Berriz jauregirat sartu eta Jesusi galdatu zion :
— Nongoa zira* ?
Jesusek, ordea, ez zion ihardetsi. 10 Orduan, Pilatok erran zion :
— Ez dautazu deusik erran nahi ? Ez dakizu eskua badutala zure libratzeko bai eta ere gurutzitzatzeko ?
11 Jesusek ihardetsi zion :
— Ez zinuke nere kontra eskurik batere, Jainkoak eman ez balautzu; horrengatik, zure eskuetarat eman nauenak bekatu handiagoa du.
12 Ordutik, Jesus libratu nahiz zabilan Pilato. Bainan juduak oihuka hasi zitzaizkion :
— Hori libratzen baduzu, ez zira enperadorearen adiskide; bere burua errege egiten duen oro enperadorearen kontra ari da.
13 Ele horiek entzutearekin, Pilatok Jesus kanporat ekarrarazi zuen eta auzi-alkian* jarri zen, "Harlauzada" — hebrearrez Gabata — deitu tokian. 14 Bazkoko prestaketen egiteko eguna zen, eguerdialdea*. Pilatok judueri erran zioten :
— Horra men erregea !
15 Orduan, heiek oihuka :
— Ken, ken ! Gurutzerat hori !
Pilatok, berriz :
— Zuen erregea gurutzitzatu behar dutala ?
Apezburuek ihardetsi zuten :
— Ez dugu enperadoreaz beste erregerik.
16 Orduan, Pilatok heien esku utzi zuen gurutzitza zezaten.

Hartu zuten, beraz, Jesus, 17 eta, gurutzea berak zeramala, hiritik "Buruhezur" — hebrearrez Golgota — deitu tokirat atera zen. 18 Han zuten gurutzitzatu, eta harekin beste biga, bi aldetarik, eta Jesus erdian.
19 Pilatok izkirio bat egin eta gurutze gainean ezarri zuen. Han zen izkiriatua : "Jesus Nazaretarra, juduen erregea". 20 Judu ainitzek irakurri zuten izkirio hori, hiritik hurbil baitzen Jesus gurutzitzatu zuten lekua, eta hebrearrez, latinez eta grekoz zen izkirioa. 21 Juduen apezburuek Pilatori erran zioten  :
— Ez izkiria "juduen erregea", baizik "Gizon hunek erran du : juduen erregea naiz".
22 Pilatok ihardetsi zuen :
— Izkiriatuak izkiriatu.
23 Jesus gurutzitzatu ondoan, soldaduek haren soinekoak hartu eta lau zati egin zituzten, zati bana, eta gero tunika. Bainan josturarik gabea baitzen, osoan ehoa, 24 elkarren artean egin zuten : "Ez dezagun urra; xotxak atera ditzagun norena izanen den". Hola bete zen Liburu Sainduak diona :
Nere soinekoak elkarren artean dituzte partekatu, nere tunikaz xotxak ateratu*.
Hori egin zuten soldaduek.

25 Jesusen gurutzearen ondoan zauden haren ama, amaren ahizpa*, Maria Kleofasen emaztea, eta Magdalako Maria. 26 Jesusek, bere ama eta lumen ondoan maite zuen dizipulua ikusirik, erran zion amari : "Emaztea, horra zure semea". 27 Gero, dizipuluari erran zion : "Horra zure ama". Eta ordutik dizipuluak bere etxean hartu zuen.

28 Gero, Jesusek, guzia egina zela jakinik, Liburu Sainduak diona bete zadin, erran zuen : "Egarri naiz".
29 Bazen han untzi bat ozpinez betea. Orduan, mustuka bat ozpinean busti eta, kanabera baten muturrean ezarririk, ahorat hurbildu zioten. 30 Ozpina hartu zuenean, Jesusek erran zuen : "Dena egina da". Eta, burua apaldurik, azken hatsa eman zuen.

31 Bazkoko prestaketen egiteko eguna zen, eta juduek ez zuten nahi gorputzak sabatokari gurutzean egon zitezen, sabato hura bestaegun handia baitzen. Horrengatik, gurutzitzatueri zangoak hautsi* eta handik kenarazteko eskatu zioten Pilatori.
32 Joan ziren, bada, soldaduak eta zangoak hautsi ziozkaten Jesusekin gurutzitzatu zituzten bieri. 33 Bainan, Jesusenganat heltzean, orduko hila zela ikusirik, ez ziozkaten zangoak hautsi; 34 soldadu batek sahetsa zilatu zion lantzaz, eta berehala odola eta ura atera ziren. 35 Ikusi duena lekuko da eta haren lekukotasuna egia da. Berak badaki egia diola, zuek ere sinets dezazuen. 36 Hau Liburu Sainduak diona bete zadin gertatu da : Ez zaio hezurrik hautsiko*. 37 Eta beste pasarte batean ere han dio : Zilatu dutenari behatuko diote*.

38 Horiek hola Josep Arimateakoak Jesusen gorputza eremaiteko baimena eskatu zion Pilatori. Josep Jesusen dizipuluetarik zen, bainan ixilean, juduen beldurrez. Pilatok baimena eman zion; Josepek Joan eta gorputza ereman zuen. 39 Etorri zen Nikodemo ere — behin gauaz Jesusen ikustera Joan zen hura — hogeita hamar bat kilo mirra eta aloe nahasirik* ekartzen zuela. 40 Jesusen gorputza hartu eta oihalez inguratu zuten, usain gozoekin, juduek ehortzi ohi duten bezala.
41 Jesus gurutzitzatu zuten lekuan baratze bat bazen eta, baratzean, ordu arte nehor ezarri ez zen hilobi berri bat. 42 Hilobia hurbil izanik, han ezarri zuten Jesusen gorputza, hastera baitzoan juduen sabatoa.

20

1 Asteko lehen egunean* Magdalako Maria hilobirat Joan zen goizean goizik, iluna zelarik oraino, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen. 2 Orduan, Simon Petriren eta Jesusek maite zuen beste dizipuluaganat laster egin zuen, eta erran zioten : "Jauna hilobitik ereman dute, eta ez dakigu non ezarri duten".
3 Ateraturik, orduan, Petri eta beste dizipulua hilobirat Joan ziren. 4 Biak elkarrekin zoatzin lasterka, bainan beste dizipulua Petri baino lasterrago zoan, eta lehenago heldu zen hilobirat. 5 Behatzeko ukurturik, oihalak zabal-zabala ikusi zituen, bainan ez zen sartu. 6 Haren ondotik Simon Petri etorri eta hilobian sartu zen. Oihalak zabal-zabala ikusi zituen, 7 bai eta Jesusek buruaren gainean zuen hiloihala ere; hau ez zagon oihalen artean zabal-zabala, baizik berex, biribilkaturik leku batean. 8 Orduan, sartu zen beste dizipulua ere, hilobirat lehen heldu zena. Ikusi eta sinetsi zuen. 9 Zeren, ordura arte ez zuten konprenitu Liburu Sainduak diona, Jesusek hiletarik piztu behar zuela.
10 Eta dizipuluak etxerat Joan ziren.

11 Maria hilobi ondoan egon zen, nigarrez kanpoan. Nigarrez ari zela, hilobirat buruz ukurtu zen, 12 eta bi aingeru ikusi zituen soineko xuritan, Jesusen gorputza finkatua izan zen tokian jarririk, bat burualdean eta bestea oinetan. 13 Aingeruek erran zioten :
— Emaztea, zergatik ari zira nigarrez ?
Harek ihardetsi :
— Nere Jauna ereman dute, eta ez dakit non ezarri duten.
14 Hori erran eta, gibelerat itzulirik, Jesus han zagola ikusi zuen, bainan ez zen ohartu Jesus zela. 15 Jesusek erran zion :
— Emaztea, zergatik ari zira nigarrez ? Noren bila zabiltza ?
Harek, baratzezaina zelakoan, erran zion :
— Jauna, zuk ereman baduzu, erradazu non ezarri duzun, eta nihaurek hartuko dut.
16 Jesusek erran zion :
— Maria !
Hunek, itzuli eta hebrearrez erran zion :
— Rabbuni ! (erran nahi baita Irakasle jauna).
17 Jesusek erran zion :
— Utz nezazu*, ez bainaiz oraino Aitarenganat igana. Bainan, zoazi nere haurrideenganat eta errozute nere eta zuen Aitarenganat noala, nere eta zuen Jainkoarenganat.
18 Magdalako Maria dizipulueri berriaren mezutzera Joan zen : "Jauna ikusi dut". Eta Jesusek errana kondatu zioten.

19 Asteko lehen egun hartan berean, arratsean, ateak hetsirik zauden dizipuluak, juduen beldurrez. Jesus etorri zen eta, heien erdian zagola, erran zioten : "Bakea zueri". 20 Gero, eskuak eta sahetsa* erakutsi ziozkaten. Jauna ikustearekin bozkarioz bete ziren dizipuluak.
21 Jesusek berriz erran zioten : "Bakea zueri. Aitak igorri nauen bezala, nik ere igortzen zaituztet". 22 Hola mintzaturik, ufatu zioten gainerat eta erran : "Har zazue Izpiritu Saindua. 23 Nori ere bekatuak barkatuko baitiozkatzue, Jainkoak ere barkatuko diozka; nori ere barkamendua ukatuko baitiozue, Jainkoak ere ukatuko dio".

24 Tomas, Hamabietarik bat, Birazkakoa deitua, ez zen heiekin Jesus etorri zenean. 25 Beste dizipuluek erran zioten :
— Jauna ikusi dugu.
Tomasek Ïhardetsi :
— Haren eskuetan itzeen marka ikusten ez badut, nere eria itzeen lekuan eta nere eskua haren sahetsean sartzen ez badut, ez dut sinetsiko.
26 Zortzi egunen buruan, berriz ere barnean ziren dizipuluak, eta Tomas ere heiekin. Ateak hetsirik sartu zen Jesus eta, heien erdian zagola, erran zuen : "Bakea zueri". 27 Gero, Tomasi erran zion :
— Emazu eria hemen eta beha nere eskueri; emazu eskua eta sar nere sahetsean. Ez izan fedegabea, fededuna bai.
28 Tomasek ihardetsi
— Nere Jauna eta nere Jainkoa !
29 Jesusek erran zion :
— Ikusi nauzulakotz duzu sinetsi ? Zoriontsuak ikusi gabe sinesten dutenak.

30 Mirakuluzko beste seinale ainitz egin zuen Jesusek bere dizipuluen aitzinean, liburu huntan izkiriatuak ez direnak. 31 Hauek izkiriatu dira sinets dezazuen Mesias eta Jainkoaren Semea dela Jesus eta, sinetsiz, bizia izan dezazuen hari esker.

21

1 Geroxeago, berriz agertu zitzaioten Jesus bere dizipulueri Tiberiadeseko laku-bazterrean. Hunela agertu zitzaioten : 2 elkarrekin zauden Simon Petri, Tomas — Birazkakoa deitua —, Natanael —Galileako Kanakoa —, Zebedeoren semeak eta beste bi dizipulu. 3 Simon Petrik erran zioten :
— Arrantzara noa.
Besteek ihardetsi :
— Zurekin goatzi gu ere.
Atera eta untzirat igan ziren.
Bainan gau hartan deusik ez zuten harrapatu.
4 Argitu zuenean, Jesus lakubazterrean zagon; bainan dizipuluak ez ziren ohartu Jesus zela. 5 Jesusek erran zioten :
— Haurrak, baduzue jatekorik ?
Heiek ihardetsi :
— Ez.
6 Jesusek erran zioten :
— Bota zazue sarea untziaren eskuin alderat eta aurkituko duzue.
Hala egin zuten. Eta hainbeste arrain harrapatu zuten, non sarea ez baitzezaketen atera. 7 Orduan, Jesusek maite zuen dizipuluak Petriri erran zion : "Jauna da". Simon Petrik, Jauna zela entzun orduko, soinekoa jantzi (erantzia baitzuen) eta urerat jauzi egin zuen. 8 Beste dizipuluak untziz etorri ziren, arrainez bete sarea tiratuz, leihorretik hurbil baitziren, ehun bat metretan.
9 Untzitik jautsi eta ikatz gorriak ikusi zituzten, arraina eta ogia gainean. 10 Jesusek erran zioten : "Orai harrapatu arrainetarik ekarrazue".
11 Simon Petri untzirat igan zen eta leihorrerat atera zuen sarea, ehun eta berrogeita hamahiru arrain handiz betea. Eta, hainbeste izanik ere, sarea ez zen urratu.
12 Jesusek erran zioten : "Zatozte askaltzera".
Dizipuluetarik nehor ez zen ausartatzen nor zen galdatzera, baitzakiten Jauna zela. 13 Orduan, Jesusek, hurbildurik, ogia hartu eta eman zioten, eta berdin arraina.
14 Hirugarren aldia zen Jesus, hiletarik piztuz geroztik, bere dizipulueri agertzen zitzaiotela.

15 Askalondoan, Jesusek Simon Petriri erran zion :
— Simon, Joanesen semea, maite ote nauzu horiek baino gehiago ?
Harek erran zion :
— Bai, Jauna, badakizu maite zaitutala.
Orduan, Jesusek :
— Alha nere bildotsak.
16 Bigarren aldikotz erran zion :
— Simon, Joanesen semea, maite ote nauzu ?
Petrik, berriz :
— Bai, Jauna, badakizu maite zaitutala.
Jesusek orduan :
— Zaint nere ardiak.
17 Hirugarren aldikotz erran zion Jesusek :
— Simon, Joanesen semea, maite ote nauzu ?
Petri atsekabetu zen hirugarren aldikotz galdatu baitzion maite zuenez, eta ihardetsi zion :
— Jauna, denak badazkitzu, badakizu maite zaitutala.
Orduan, Jesusek erran zion :
— Alha nere ardiak. 18 Egiazegiaz diozut : Gazteago zinelarik, zuhaurek ezartzen zinuen gerrikoa eta nahi zinuen lekurat joaiten zinen; zahartuko zirelarik, ordea, besoak altxatuko ditutzu eta beste batek ezarriko dautzu gerrikoa eta nahiko ez duzun lekurat eremanen zaitu.
19 Hola mintzatu zen adiarazteko Petrik nolako heriotzeaz* goretsi behar zuen Jainkoa. Gero, erran zion :
— Jarraik neri.

20 Petrik, itzuli eta Jesusek maite zuen dizipulua ondotik heldu ikusi zuen, afaltzean burua Jesusen bular gainean ezarririk, "Jauna, nor da salduko zaituena ?" galdatu ziona. 21 Hura ikustearekin, bada, Petrik Jesusi galdatu zion :
— Jauna, eta hori zer ?
22 Jesusek ihardetsi :
— Ni etorri arte egon dadin nahi badut, zuri zer zaitzu ? Zu, jarraik neri.
23 Hortarik zabaldu zen fededunen artean dizipulu hura ez zela hilen. Jesusek, ordea, ez zion erran ez zela hilen, baizik : "Ni etorri arte egon dadin nahi badut, zuri zer zaitzu ?"

24 Dizipulu hura da gauza hauetaz lekukotasun emaiten duena eta izkiriatu dituena, eta guk badakigu haren lekukotasuna egia dela.
25 Beste gauza ainitz ere egin zuen Jesusek. Bederazka izkiriatzen balira, nik uste mundu osoa ez litzatekeen aski izkiriatu liburu guzien ohatzeko.